Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Kamerak itzaltzen direnean

2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Zer gertatzen zaie errefuxiatuei kamerak pizten direnean? Komunikabideen eta errefuxiatu krisiaren arteko harremanaz gogoeta bultzatzen duen dokumentala da Another News Story (2017). Orban Wallace zinema zuzendari eta ekoizle britainiarrak egin du, «albisteak kontsumitzeko moduek egoera larrietan harrapatuta dauden pertsonengan duten eragina erakusteko». Wallacen lanak Pariseko Bataclan aretoan gertatutako atentatuan du oinarria, 2015eko azaroan. Handik egun gutxira, Donald Trump AEBetako oraingo presidenteak hau esan zuen: «Ahula eta eraginik gabekoa zarenean, gauza txarrak gertatzen dira». Ziurrenez, hedabide batzuen diskurtsoa markatuko zuten hitz horiek. Alegia, Estatu Islamikoa eta errefuxiatuen krisia lotzen ditu, Trumpek immigrazio politikaren harira egin baitzituen adierazpenok. Ordutik, asko izan dira krisiaren gaineko albisteak. Prentsa idatzian zein telebistan. Dokumentalak ere ez dira falta izan —agian, errefuxiatuak ahalduntzen dituzten fikziozko lanen hutsunea nabaritu dut—. Ane Irazabal kazetariak berriki ohartarazi duenez ETBko En jake saioan, arriskua dago gizartea gaiaz ahazteko etorkizun laburrean. Besteak beste, oraindik bizirik dagoen krisiak gero eta toki txikiagoa betetzen duelako albistegietan. Trumpen hitzak maileguan hartuta, hedabideen eta kazetarien eraginkortasuna jartzen du zalantzan Glasgowko Zinemaldian ikusitako lanak: «Medioak gai al dira errefuxiatuen errealitatea zuzen erakusteko, edo audientzia da interesik ez duena haien egoera ulertzeko?».

«Asmoa zen Calais [Frantzia] inguruko errefuxiatuen oihana filmatzea, 2015eko udan. Hara iristean, ekaitz mediatiko batekin egin genuen topo, eta ohartu ginen bazegoela beste istorio handiago bat: medioen makineriarena. Uretatik irten baino lehen eta haiei ezer galdetu gabe, iheslariei kamera bat jartzen zitzaien aurpegiaren aurrean». Wallacek uste du asko aldatu direla interes informatiboko albisteak lantzeko irizpideak, medioen arteko konpetentziagatik eta ikuslea erraz nekatzen delako halako gaiekin. Errefuxiatuena nekez izendatzen dute albiste nagusi. «Arazoa existitu arren, asko murriztu da istorio garrantzitsuentzako denbora, eta, ondorioz, estaldura zein kontsumo pausatua falta dira». Galdegin nion: «Zuen kamerak itzaltzen direnean, zer?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.