Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Txikientzat eta handientzat

2018ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Ados nago ni ere Iñigo Astizek duela astebete esaten zituenekin. Arco azokatik kenarazitako artelana hizpide hartu eta honako hau zioen, besteak beste: helburua ez dela artelana ikus dadin eragoztea; beste bat dela helburua; hain zuzen ere, kultur sortzaile, eragile eta kudeatzaileentzako abisua dela; horman gelditzen den zuriuneak mugak non dauden erakusten diela; noraino joan daitezkeen, nondik aurrera ez.

Asko dira azken egunetan aurki ditzakegun adibideak. Baita telebistan ere. Literaturatik abiatu eta telebistaraino iritsi den kasua da horietako bat: Fariña liburuaren bahiketaz ari naiz. Gutxi gorabehera astebete dela, epaile batek debekatu egin zuen haren inprimaketa eta salmenta. Kontakizunak O Groveko alkate ohiaren ohorea urratzen duelako hartu omen zuen erabaki hori. Orduko hartan ere, ondorioa—beraz, ziur asko helburua— ez da izan liburua irakurleengana ez iristea. Argitaletxearen webgunean irakurri ahal izan dudanez, agortu egin da paperean, eta formatu digitalean salgai daukate. Hainbat liburu dendak hainbat ale iritsi zaizkiela iragarri dute, gainera. Eta, nola ez, lana ezagutzen ez genuen asko irrikan gaude esku artean hartzeko. Gainera, kontua da atzo gauean, Antena3ek liburuan oinarritutako telesailaren lehen atala eman zuela. Aprobetxatu egin dute aukera, ondo aprobetxatu ere. Iragarkian bertan esaten zuten liburu bahituan, debekatuan, dagoela oinarrituta. Ez dut eskua sutan jarriko, baina iruditzen zait ohiz kanpoko ikus-entzule datuak izango zituela estreinaldiak.

Esanguratsua da epailearen jokabidea. Liburua bahitzea erabaki zuen egun berean, uko egin zion telesaila bahitzeari. Ez omen zekien telesaila noiz emango zen, ezta gidoiak zer erakusten zuen ere. Eta neurriz kanpokoa izango omen zen halako erabaki bat hartzea. Nago, ordea, epailearen erabakiak bestelako arrazoiketa bat azaltzen duela, formatik harago begira jarri nahi duenarentzat. Epaileen mailutxoak duen indarra eta alkate ohi haserretu baten eragin politikoa handiak izan daitezkeen arren, ez da gauza bera, inondik inora, Libros del KO argitaletxearen eta Antena3en ekoizpen bat bahitzea. Hor ere bada abisu bat, ustez, txiki eta bazterrekoentzat direnentzat eta, ustez, handi eta boterearen erdigunean direnentzat. Eta hartzaileentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.