Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Baldintzak jartzea

2018ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Euskal kulturgintzaren pozak izan dituzte hizpide asteon Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Kukai antzerki taldearen sari nazionala, Handia (2017) eta Errementari (2018) filmen arrakasta, tartean. Joxean Muñoz Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak asteartean bisitatu zituen EITBko Miramongo estudioak, erakundeek euskal talentua eta sormena garatzeko duten funtzioaz hitz egiteko. «Baldintzak jartzea da gure eginkizuna». 2005etik 2018ra, fikziozko 25 euskarazko film luze estreinatu dira. Euskal zinemaren historian lehen aldia da halako produkzio jarraitua dagoena, euskaraz. Eta ez da kasualitatearen emaitza izan. Azken urteetako Jaurlaritzaren inplikazioa ezinbesteko elementua izan da, finantzaketari dagokionez: 817.376 eurotik (2002) 2,4 milioi eurora (2017) igo ditu laguntzak. Baita ETBren ekarpen ekonomikoa: 2008tik 2015era, gutxienez, hemezortzi lan lagundu ditu. Sortzaileen merituaz ahaztu gabe: badago lagun talde bat Euskal Herrian zinema egitetik bizi dena. Erakundeen emaitza kuantitatiboa alde batera utzi nahiko nuke, kualitatiboari erreparatzeko.

Telebistari dagokionez, euskarazko fikzioaren aldekoa da Muñoz: «Hor badago behar bat publiko bat sortzeko, profesionalentzako ere aukera paregabea da; ikus-entzunezko fikzioak hori behar du eta hor du zulorik nabarmenena». Agindu du telebistarako fikziozko gidoiak (euskaraz?) egiteko diru laguntzak ezarriko dituztela, baina telebistak erabaki beharko du horietan inbertitzeko dirurik duen ala ez. «Ni ez naiz sartuko telebistarena den esparru batean». Telebistaren eta zinemaren arteko harremana oso estua da, ordea. Italiako Babel Hizkuntza Gutxituen Zinema Jaialdiko Tobe Cubeddu-k dio kalitate handiko ikus-entzunezko eskaintzak hizkuntza horien izena hobetu dezakeela. Ondorioz, baita erabilpena ere. «Ez baduzu komunikatzen, ez zara existitzen».

Kulturgintzaren albiste kezkagarriak ere baditugu, tamalez: «Euskaldun gehienek ez dute euskal kultura kontsumitzen; ez euskarazko libururik, ez euskarazko musikarik, ezta euskarazko hedabiderik ere». Baina, arren, ez ditzagun aukera onak galdu; euskarazko kontzertuen ondotik —euskaldunen %47 joan dira azken urtean kontzerturen batera—, telebista baitago gero: %42k ikusi ohi dute euskaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.