Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Eguraldia

2018ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Interes informatibo handiko gaia da eguraldia. Lerro hauek idazten ari naizela—gaueko hamaikak—, elurra ari du Oñatin (Gipuzkoa). Iragarpena entzun dut, baina ez dakit zehazki zer aurkituko dudan bihar (asteartean) goizean leihoak irekitzen ditudanean. Orduan jakingo dut ea hartuko ahal dudan Loiutik Edinburgora eguerdian garamatzan hegaldia. «Behin autopista hartzen duzunean, ez da arazo handirik izango», esan dit lagun batek arratsaldean. Kontua da baserritik errepide nagusira kilometro erdiko bide aldapatsua dugula eta askotan komeriak izaten ditugula herrigunera jaisteko.

Elur alerta egon ala ez, eguraldiari beti egin diot kasu. Gustatzen zait jakitea euria, eguzkia edo haizea ibiliko den bihar eta etzi. Sakratua da niretzat albistegien ondotik ematen duten hamabost minutuko saioa ikustea. Telebistaz ezin bada, sakelakoan begiratzen dut iragarpena ohera joan aurretik. Eguraldiak uste baino gauza gehiago baldintzatzen ditu gure bizitzan. Adibide batzuk: lanera joateko kotxea ala bizikleta hartuko duzun; zapatilak ala euritako botak jantziko dituzun; etxetik irtetean euritakoa eraman beharko duzun ala ez; bazkalosteko kafea aldameneko tabernan ala bulegoko makinan hartuko duzun; betaurrekoak ala ukipen-lenteak ipiniko dituzun; eta abar. Hutsik egiten ez duen berbagaia da eguraldia, itxaron gelan edo igogailuan bakarrik egotea tokatzen ez zaigunean. Baita aspaldiko lagun bat ikusi eta ez dakizunean hari zer esan ere: «Eskoziako eguraldi negargarria ekarri diguzu, Miren!».

Andoni Aizpuru Gaur Egun-eko eguraldi aurkezleak segur aski jakingo du zertaz ari naizen; baita saioko izen finkoak diren Txomin Rezola eta Inocencio Goikuria argazkilariak ere —ETBko Eguraldia-n akzioak dituztela pentsatzen hasia nago!—. Bada, asko gustatzen zait Aizpuru. Komunikatzaile izugarri ona bilakatu da iragarpenak kontatzeari esker. Elur alerta laranja, horia edo gorria bada ere, sekulako lasaitasunarekin ematen ditu azalpenak; alderatu bestela Cuatro, Telecinco eta LaSexta katekoekin. «Zer egingo diogu ba», sarri erabiltzen duen esaldia da. Horrez gain, maite ditut haren euskararen erabilera, hizkera garbia eta hiztegi aberatsa. «Telebistan kamera zeharkatu eta etxeraino sartu beharra dago», esan zuen Argia-ko elkarrizketa batean. Nahi duzun arte, Andoni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.