EKOGRAFIAK

Gutxiespena (II)

Jokin Labaien -

2018ko martxoak 22
Galdu du zentraltasuna gaiak. Igande eta astelehenean albistea eta azterketarako gaia izan zen, indar handiarekin, Errusiako presidentearen aukeraketa. Lausotu da geroztik. Nire ustez, geratu dena asteartean aipatzen nuen gutxiespen bikoitza da. Batetik, presidentearekikoa; bestetik, haren alde egiten duten herritarrekikoa. Dena den, biek dute abiapuntu eta helmuga bera.

Asteartekoan azaltzen nuen babes hain zabala azaltzeko ez zitzaizkidala aski egunerokoan Errusiako botereguneak darabiltzan estrategiak eta zapalkuntza. Ez zait aski presidentearen jarduna populismoaren aterkipean kokatu edo definitzea. Gutxiestea da hori, hein batean, nola haren jarduna, hala haren zaleen erabakitzeko gaitasuna eta arrazoiak. Hainbat adituri irakurri eta entzun baitiot — eta sinestekoa iruditzen zait— benetan aldeko dauzkanak ez direla lautik hiru izango. Hura babesten duena badela, dena den, jende multzo handi eta esanguratsua. Ideologia eta egoera desberdinetakoak direla, gainera.

Hor kokatzen dut nik aipatu gutxiespen bikoitz hori. Gaur egun, Errusia, oro har, eta Putin, zehazki, modu batean erakusten zaizkigu hedabideetan. Bada interesa hori hala izan dadin, aspalditik datorren interesa. Eta helburu horrek sinplifikazioa dakar; lau lerroburutan azaltzen zaizkigu herrialdea, gobernua eta agintaria, iritzi publikoa eratzen duten medio nagusietan. Gero, harridura sortzen zaigu, hauteskundeetako emaitzari begira. Ez zaigu iristen, ordea, haren egiteko modu eta politikekin erabat ados dauden horien ikuspegia. Zergatik iradokitzen dien segurtasuna gizonak, agintariak, presidenteak, oreka eta babesa maila pertsonalean. Zergatik batasuna, aberria, nagusitasuna herri ikuspegiari dagokionez. Horren aldean, gailendu egiten dira aspaldi sortu zituzten eta oraindik mantentzen diren Errusiarekiko mesfidantza eta beldurra; hau da, ezjakintasuna.

Sortuko da nazioartean liskarrik. Eta azalduko zaizkigu superpotentziak. Horietako bat izango da Errusia. Eta gure ikuspegi murritzarekin begiratuko diogu. Ulertu nahian. Eta ulertu ezinik. Txarrena da beste batzuekin ere halatsu gertatzen zaigula. Eta horiek mugitzen dituztela munduaren hariak, hein batean. Agenda informatiboaren erdigunean daudenak, guk zergatik ulertu ez arren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna