Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Soldata arrakalan, erantzukizuna

2018ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Norvegiako emakumezkoen eta gizonezkoen futbol taldeko jokalariek soldata bera izango dute. Hala adierazi zuen herrialdeko Futbol Federazioak iazko urrian. Bi taldeek hitzarmena sinatu dute, nazioarteko emakumezko jokalarien ordainsaria 258.950 euroan gehitzeko. Orain arte, gizonezkoen taldeak 873.921 euro jasotzen zituen guztira, eta emakumezkoenak 413.576 euro. Kontua da emakumezkoen taldea hobeto aritu ohi dela nazioarteko txapelketetan.

Badaude soldata ezberdintasunari aurre egiteko neurri politikoak hartu dituzten herrialdeak. Davosko foroak emandako datuen arabera, Islandia da soldata arrakala txikiena duena. Herrialde horretan 336.483 biztanle bizi dira. 25 pertsona baino gehiago dituzten enpresa guztiek —publikoak zein pribatuak— langile guztiei soldata bera ordaintzen dietela frogatu behar dute. Horretarako, gobernuak ziurtagiri ofiziala lortzeko obligazioa ezarri die. Lortzen ez badute delitua egotziko zaie.

Erresuma Batuan, lehen aldiz, 250 langile baino gehiago dituzten enpresek —baita gizarte erakundeek ere— apirilaren 5era artedute generoaren araberako soldata ezberdintasunak aurkezteko, baita arrakala ezabatzeko hartuko dituzten neurriak ere. Guztira, neurriak 9.000 konpainiari eragiten die.

Alemanian, legez debekatuta dago generoan oinarritutako soldata ezberdintasuna ezartzea. Hala ere, emakumeen eta gizonezkoen arteko arrakala %21ekoa da. Angela Merkelek 200 langile baino gehiago dituzten enpresei agindu die emakumezkoei jakinarazteko gizonezkoei zenbat ordaintzen dieten antzeko lana egiteagatik. Neurri horrek bertan behera utziko du enpresek langileei ezarri zien soldatak ezagutzera emateko debeku klausula.

Enpresaburuei dagokie egiaztatzea langile guztiei bidezko soldata ordaintzen zaiela, ez emakumezkoei frogatzea gizonezkoak baino gutxiago irabazten dutela. Beste batzuek nahiago dute honako hau esan: «Gaizki ordaindutako lanak aukeratzeko joera dute emakumeek». Bestela esanda, emakumeok dugula soldata arrakalaren erantzukizuna. Roberto Larrañaga EAEko patronalaren elkarteko buruaren hitzak dira, Radio Euskadin entzundakoak. Ez galdetu zergatik, azkenaldian telebista baino gehiago entzuten dut irratia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.