Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Iraultz(e)a

2018ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Black Mirror telesailaren lehen kapituluak ahoa bete hortz utzi ninduen. The National Athem izena zuen 2011n estreinatu zen maisulanak. Erresuma Batuan girotuta dago. Susannah printzesa, erreginaren familiako kiderik maitatuena, bahitu egin dute. Lehen ministroak telebistako zuzeneko emanaldian txerri batekin sexu harremanak izan ezean, hil egingo dute.

Hori du abiapuntua hiru ordu laurdeneko lanak. Hortik aurrerakoa, plazera ikuslearentzat. Eta, nahi bada, pentsamenduetan galtzeko aukera ikaragarri ona. Bolada bat igaro nuen zalantza bati bueltaka: Erresuma Batutik kanpo, inor ausartuko ote litzatekeen horrelako ideia bat pantailaratzen; ausartzekotan, zenbat iraungo lukeen boterean dagoenak hura zentsuratu, bahitu edo geldiarazi gabe. Ez dakit zazpi urtean horrelako planteamendu berririk ikusi dudan. Atal harekin gogoratu naiz, beste behin, Erresuma Batuko telesail bati esker. Hiru kapitulu ditu BBC katean iazko urrian eman zuten lanak. Bolboraren konspirazioan oinarrituta dago: 1605ean, Guy Fawkes delako batek Londresko parlamentua eta Westminster palazioa bonbaz lehertzeko asmoa izan zuen, hain zuzen ere, orduko erregea hiltzeko. Ez zuen lortu, asmoa bete baino lehenago atxilotu baitzuten. Lehen atala ikusi dudan honetan, bada zerbait arreta eman didana. Gertakaria pantailara eramatean, nabarmena da azkenaldiko joera bat iraultzen duela. Hau da, boterean daudenak azaltzen dituela gaizto eta makur, eta iraultza nahi dutenekiko enpatia ariketa dakarrela. Ulertu egiten dira haien sentimenduak, asmoak eta helburuak. Botereak zapaldu, torturatu eta hil egiten dituelako hartzen dute halako erabakia. Ikuspegi hori ez da ohikoa mende honen hasieratik. Orduko gertakariek ekarri zuten helburu politikoekin ezarritako boterearen aurka egiten zen edozein ekintza, de facto, ulertzen eta ondo ezagutzen saiatu ere egin gabe, arbuiatzea. Ez horrela botereguneetatik egiten direnak erasoak. Orduan indartu eta hedatu zuten terrorismoaren erokeriaren eta terroristaren inpertsonalitatearen estrategia. Zenbaiten aurka nahi bezala egiteko aitzakia eta emaitza ezin hobeak ekarri dituena. Ikuspegi hori ikus-entzunezkoetan ere txertatu zuten. Oraingoan, baina, nork eta kate publiko batek irauli du hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.