Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Berotasuna

2018ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Artikulu batean irakurri dudanez, gehienok ihes egiten diegu atseden uneei. Saihestu egiten ditugu bake momentuak. Zarata gehiagora omen doa nabarmen, dela akustikoa, bisuala edo mentala. Informazio gehiegi simultaneoki, kanal anitzetatik iritsiak. Okupatuta gaude une oro, egiteko zerbaiten bila beti. Egitekoen zerrendari lotuta. Isiltasunak agertzeko mehatxua egin orduko, irratia edo telebista pizten dugu; musika jarri, bestela. Telefonoari kateatuta etengabe. Adituen iritziz, badu horrek soinurik ezak sortzen digun bertigoari aurre ez egitetik. Isiltasunari diogun beldurra da.

Beheko suaren inguruan ekin diogu gaiaren inguruko eztabaidari, lagun artean. Orduak eta orduak igaro ditugu garrei begira, azken egunetan. Lagunak Alemaniako adibidea ekarri du hizketara. Beheko surik ez duen hainbatek telebista erabiltzen du ordezko. Ezin sinetsita besteok, sarean aurkitu du hamar orduz irauten duen suaren errepresentazioa, Youtuben. Soinuz lagundua dator. Hainbat pertsonak telebistan jarri ohi duela esan digu.

Sorgindu egiten du suak. Nik ere igaro ditzaket hamar ordu eta gehiago begira. Dena den, ez dakit telebistan Youtubeko kanal hori jarri eta hari begira luze egoteko gai izango ote nintzatekeen. Egunerokoaren zurrunbiloan nagoela, ez naiz beheko suarekin gogoratu ere egiten. Eta, kasualitatez edo bilatutako kasualitatez faltan izango banu, ez dakit irudi batek balioko ote lidakeen hutsunea betetzeko. Nekeza egiten zait irudiak sorgindu egingo nindukeela imajinatzea. Arraroa behar du berorik eskaintzen ez dizun suak. Arraroa bozgorailutik irteten den soinuak.

Ezin asmaturik nabil zenbait alemaniarren ohitura atseden uneari bidea ematea edo uko egiten jarraitzea ote den. Atseden hartzea ote den su artifizialari begira gelditzea. Edo, kontrara, atseden uneari ihes egiteko beste modu bat den, sarea eta telebista behar izatea erlaxatzeko. Simulakro bat, besterik ez.

Etxea berotzeko modu bakarra beheko sua izan duenari galdetuko niokezer iruditzen zaion joera berria. Ez dakit barre egingo lukeen ala marmarrari ekin. Eta, hala ere, onartu beharrean nago: telebistak —zentzurik zabalenean— ni etengabe harritzeko gaitasuna du. Galdetuko balidate, inoiz ez nuke pentsatuko norbaitek halako erabilpena emango zionik. Berotasuna ere emango dio, agian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.