EKOGRAFIAK

Benetako istorioa

Miren Manias -

2018ko apirilak 6
Ez nuen gertaera ezagutzen telesaila ikusi dudan arte. Liverpoolen (Erresuma Batua) jazo zen, 2007ko abuztuan. Tiroz hil zuten 11 urteko Rhys Mildford Jones mutikoa, Croxtetheko eskualdean, futbolean jolastu ondotik etxerako bidean zihoala. Little Boy Blue (2017) ITV kateak ekoiztutako telefilma da, eta Liverpooleko mutikoaren ustezko hiltzailea epaitegira eraman arteko prozesu bizia kontatzen du. Lau kapituluz osatuta dago. Filminen dago eskuragarri, jatorrizko bertsioan eta azpidatziekin —merezi du ikustea Stephen Graham (Boardwalk Empire) aktorearen interpretazio bikaina—.

Hunkigarria ohi da hilda dagoenaren istorio zinematografikoa. Pertsona hori gazteegi joan bada, barrua astintzen zaizu nabarmen. Motiborik gabe erail dutela jakitean, aldiz, atsekabeak harrapatzen zaitu. Ulergaitza baita halakorik. Ez dut pentsatu ere egin nahi Mildford Jones gertuko zutenengan, atxikimendu mailak erraz biderka dezakeelako haien samina. Agian, amorrua.

Honela hasten da ITVko telefilma: «Egiazko istorioa da hau. Jarraian kontatzen dena ikerketan, elkarrizketetan eta argitaratutako datuetan oinarrituta dago. Izen batzuk aldatu egin dira. Eszena batzuk moldatu egin dira istorioaren mesederako». Oinarri erreala duten ikus-entzunezkoek beti izaten dute fikzio hutsek baino indar handiagoa. Funts edo sinesgarritasun gehiago balute bezala. Aukeran, gezurraren eta egiaren artean gehienok nahi izaten dugu bigarrena.

Ez dakit gogoan duzuen Ethan eta Joel Coen anaien Fargo (1996). Filma antzeko testuarekin hasten da: «Istorio hau erreala da. Film honetan antzeztutako gertaerak Minnesotan (AEB) jazo ziren, 1987an. Bizirik irten zirenek hala eskatuta, aldatu egin dira haien izenak. Biktimei zor zaien errespetuagatik, gainerako guztia zehatz-mehatz gertatu bezala kontatu da». Bada, gauza bat esango dizuet, lagunok: ez zen inoiz halakorik gertatu Minnesotan. Gezur edo fikzio hutsa da.

Lur jota utzi ninduen Aitor Arregi zinemagileak hori kontatu zigunean unibertsitateko eskola batean. «Coen anaiek gezur lotsagabea erabiltzen dute egia batera iristeko, errealitatean oinarrituta artefaktu narratibo bat gehiago da», esan zigun Arregik. Kontuz gero, benetako istorio batean oinarritutako etiketak ikuslearengan gehiegizko lilura eragin baitezake.