Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Gure azalean

2018ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Zaila da, sentitu ezean. Pentsatu, pentsatzen dugu hau, hori edo hura. Arrazionalki iruditzen zaigu amorragarria, gaitzesgarria, konpondu beharrekoa. Eta, hala ere, ikus-entzule soil izaten jarraitzen dugu, filma balitz bezala. Dokumentaletik izango du gehiago, agian, filmak faltan duen hozkada txikia sentitzen baitugu, aldian behin, irudiaren gogortasunaren arabera. Betiere, irudia ikustera iristekotan. Ez da beti erraza, eguneko 24 orduetan informazioa ematen duten hedabidez josita bizi garen arren. Haiek gure sentitzekotan, orokorrean, begiekin sufritzen dugu, buruarekin. Arimarekin, bihotzarekin, gorputzarekin sentitzeko anestesiatuegi gaude, kutsatuegi. Esango didazu, okertu banaiz. Baina apustu egingo nuke, gure inguru honetan eta gertuko dauzkagun besteetan, jende gehiagok ikusi duela, telebistaz, igandean hildako txirrindularia lurrean etzanda ageri duen irudia, polizia israeldarrak oinez astiro eta armarik gabe bere ingurura gerturatzen ari delako tiroz jotzen pertsona erakusten duena baino. Jende gehiagok ikusi duela Jose Cousoren hilketaren urteurrena izan dela eta oraindik errudunik zigortu ez dela azaltzen duena albisteren bat polizia israeldarrak Yasir Murtaja kazetari palestinarra tiroz hil duela azaltzen duen bat baino. Jende askok dakiela Alemaniako hiriko erasoan zenbat hildako eta zauritu izan diren; alderatuta, askogatik direla gutxiago Gazan izan direla ere badakitenak; ez dugu kopururik galdetuko, badaezpada. Jende askok jakingo du Trump dorrean izandako sutearen eta bertako hildakoaren berri. Ez dakit jakingo ote duten Trumpek uko egin ziola suteen aurkako sistemak jartzeari; garestiak omen, ez beharrezkoak. Aldiz, badakigu jakin hark salatu duelako, baduelako horretan interes politiko eta ekonomikorik, Sirian eraso kimikoa izan dela. Esango didazu, okertu banaiz... Ni izango naiz besoa altxatzen lehena. Ni naiz lehena, axolagabetasunak eraginda, goxo bizi naizena, jende gehiegiren sufrimenduari bizkarra emanda. Trumpez gain, askok du batzuk azaleratu eta besteak gordetzeko interesa, ni ere hala bizi nadin. Ezagutu nahi dituenarentzat ez dira hain ezkutukoak hari mutur horiek denak. Goxotasuna galduko genuke, ordea, haiek lotzen saiatuz gero. Sentitu egingo genituzke, egun eta gau, gure azalean, sufrimendu horiek denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.