EKOGRAFIAK

Txikiak eta erraldoiak

Miren Manias -

2018ko apirilak 18
Ez nuen pentsatuko egungo telebista saio batek erraz bilduko zituenik hainbat adineko pertsonak solasaldi berean. Nagusiki, bestelako interesak eta kontsumo ohiturak dituelako bakoitzak. Larunbat gauean, BBC One kateko MasterChef saioa izan genuen hizpide lagun baten urtebetetze afarian. 10 eta 52 urte bitarteko zazpi kide ginen mahaiaren inguruan. Euskaldunak eta eskoziarrak. Halako batean, protagonismo osoa hartu zuen BBCko programak. Ados ginen: irabazlea jakitearekin baino, gehiago gozatzen dugu kozinatzeko prozesu didaktikoarekin. Gazteenek kozinatzen ikasteko baliatzen dute programa, eta helduek ideia berriak hartzeko.

FORTAk eta EITBk antolatutako Transformazio digitala hedabide publiko autonomikoetan jardunaldietan aipatu zuten, egun, erantzunak baino gehiago dituztela galderak. MasterChef-ek badu, behintzat, Amazon edo Netflix erraldoien aurrean askotariko ikusleak bereganatzeko gaitasuna; bai Interneten , bai telebista tradizionalean. Esan zutenez, hedabide gehienek dute arreta jarrita «gertuko eta kalitate oneko edukien sorkuntzan». Bada, nik, gurean, zinemari buruzko telebista saio bat nahi dut, euskaraz eta euskaratik sortua —ikusi berri dut ETBk Zinez saioa programaziotik kendu duela—. Nahi duenarentzako, badago kopiatzeko gaztelerazko adibiderik: La2eko Días de Cine. Ez, ez naiz Zurriolako butaka-rekin konformatzen.

«Aldaketa garaia da, eta egoera berrira egokitzen ez bagara, (erraldoiek) bazterrean utziko gaituzte», adierazi zuen Kataluniako hedabide publikoetako parte hartzaileak. «Txapeldunen Ligako partida eskubideak garestitu dira, haien konpetentziaren ondorioz». Hemen, hobe dugu gogoeta apur bat egitea: ba al dago estrategiarik euskarri ezberdinen konplizitatea bilatzen duena? Ezetz esango nuke: «Sinestezina egiten zait 2018an oraindik Interneten kontsumitzeko euskarazko ikus-entzunezko produktuak sortzeko diru-laguntza espezifikorik ez izatea», idatzi zuen Xabi Paiak BERRIAko zutabean. Ez dago aldaketarik erregulaziorik gabe. Eskozian, 0,05 liberako tasa indarrean sartuta, %85 murriztu zuten plastikozko poltsen erabilera zortzi hilabetean. Bitartean, «Europako Batzordeak ez du hizkuntza gutxituak babesteko programarik». Hori baino erraldoiagorik!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna