Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Eragin indarra

2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Auzipetutakoaren senitartekoak, herriko alkatea, zuzenbidean aditua den irakaslea, herriarekin lotura duten guardia zibil bi, gaiaren berri ematen ari den kazetaria, auzipetuetako batzuen abokatua eta hainbat herritarri ematen die hitza erreportajeak. Gau hartaz, geroztik gertatu denaz eta gertatu ez denaz, auziari eman zaion ikuspegi juridikoaz, herriaz eta herriaren inguruan zabaldu den irudiaz eta horrek guztiak dagoeneko sortu duenaz eta izan ditzakeen ondorioez azaldu dira hizketan. Asteartean eman zuen ETBk Altsasu, gauaren muturrerainoko bidea.

Ez naiz batzuen eta besteen hitzen gainean jardungo. Ez dut esango zer iritzi sortu didan bakoitzak. Nahiago dut fokua osotasunean jartzea. Erreportajeak berak eskaintzen duen erradiografia oso horretan, alegia. Orain arte gaiaz telebistan eskaini diren irakurketak baino osoagoa da, askoz. Biltzen ditu ertz eta ikuspegi desberdinak, ematen die hitza desberdin izan eta desberdin pentsatzen dutenei, osatzen ditu horiek adituen arrazoiekin. Eta pena litzateke, hori horrela, horrelako lan bat astearte gaueko ikus-entzuleen datu horretara mugatzea. Zabaldu egin behar da. Jarri behar zaizkio azpidatziak, eta ETB2n eman. Zabaldu behar da gure lurretatik harago, telebista gailutik harago. Balio behar du mezu edo ikuspegi bakarra jaso eta duen horrek gaiari bestela begiratu diezaion. Ohar dadin zertaz ari diren, zer ondorio izan dituen eta izan ditzakeen. Hori, gainera, denbora tarte laburrean egin behar da. Astakeriaren bat —lehengoez gain— gertatu baino lehen.

Izan ere, entzuten ari gara, adibidez Espainian, bakoitza bere erara eta bere xehetasunekin ari bada ere, orain arte gaiak izan duen tratamenduaz kexu den izen ezagun asko. Tamalez, ez dira behar luketen adina zabaltzen. Ez zaizkio iristen aditu nahi ez duenari. Eta aldatu egin behar da hori. Iritzia aldatzeko baino, ikusteko modua aldatzeko egin behar da saiakera. Zimiko bat eragin behar zaio, gutxienez, gure lurretatik kanpo auzi horrez iritzi argia duen orori. Horretarako, tresna baliagarria izan liteke astearte gauean eman zuten erreportajea. Gainera, emango liguke esperantza pixka bat jakiteak emanaldi baten eragiteko indarra kredituetatik harago joan litekeela. Aparatu horrek ez dezala gure bizimoduan txarrera soilik eragin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.