Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Poz txiki batekin

2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Ez daukat ahazteko nerabezaroko pasadizo hura. Filosofiako azterketara liburu eta apunteen aurrean denbora askorik igaro gabe agertu nintzen. Testu bat jarri ziguten iruzkintzeko. Ikasgelan adituei esker, banuen bertan azaltzen ziren kontzeptuen berri. Ordea, nekienarekin, nekez idatziko nuen testu mamitsurik. Baina ideia eder bat izan nuen. Kontzeptuez nekiena labur azaldu, eta orduko gizartean nola aplikatzen ziren azaldu nuen aurrena. Segidan, nire iritziz, nola aplikatu beharko liratekeen. Egin ahala gozamena ekarri didan azterketa bakarra izan dela esango nuke. Irakasleak jarri zidan nota, gainera, gozamen haren parekoa izan zen. Orduan ikasi nuen estudiatzea eta ikastea ez direla gauza bera. Uste dut, denborarekin, ahaztuz joan zaidala ikasgaia. Bistan da ez zaidala niri bakarrik gertatu.

Izan ere, asteartean azaldu nuen ETAren amaieraren inguruan telebistak eman duena, orokorrean, antzu samarra eta erabat aspergarria iruditu zaidala. Iraganari lotua, kateatua. Etorkizunari bizkarra eman diona. Alderdikerietan eta morboan kokatua. Esan banuen, esan nuen. Eta astearte gauean bertan, nire hitzak irentsarazteko moduko saioa eskaini zuen Ur handitan ekoizten duen taldeak. Gaiari begietara begiratu eta ekarpen ausarta, zintzoa, egiatia, kritikoa, eraikitzailea, gogorra eta samurra ondu zuten. Inteligentzia handiz jokatu zutela iruditzen zait. Zaila baita sei hamarkadatan —eta, nahi bada, gehiagotan— gertatu denari modu orokor eta orokortu batean heltzea, eta horretatik ezer mamitsu eta eraikitzailerik eskaintzea. Zehatzera jo zuten. Esperientzia praktikora. Errenterian azken urteetan egin den lanketara. Eta, horretatik bai, horretatik atera daiteke —gertatu dena azaltzen ez badu ere— iragana, orainaldia eta etorkizuna modu orekatuan lantzen dituen kontakizun bat. Agian bere horretan ez, baina beste batzuekin osagarria izateko ezaugarri guztiak betetzen dituena. Gogotsu utzi ninduen hainbat esperientzia eta ikuspegitako pertsona horien ahotsa azaltzen duen lanaren bigarren zatia ikusteko. Ikasteko. Bitartean, Julen Mendoza eta Naiara Zamarreñoren seme bana igerilekuan imajinatuko ditut, irudimenezko edo jostailuzko pistolekin jolasean, gurasoak begira. Hunkiduraz, eztarriko korapiloaz, baina poz txiki batekin imajinatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.