Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Ihesaldiak

2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Gehiagotan egin ohi nuen, garai batean. Bazkaldu, etzan, estalkiaz babestu, txirrindularitza probaren bat telebistan jarri, eta, begiak gero eta itxiago, berotasun goxo moduko batekin, lo hartu. Igandean, begiak ireki ahala aurkitu nituen txirrindulariak Italiako errepideetan. Azken hamar kilometroak baino ez ziren falta helmugarako. Ihes eginda zihoan ezagutzen ez nuen gazte bat. Atzetik beste bat, taldetxoa eta tropela. Jo ta ke ari zen. Aurrez, 240 kilometro—horietako gehienak ihesaldian— egin ez balitu bezala. Poliki-poliki, baina, aurretik zituen denak irentsi zituen tropelak, kilometro gutxiren faltan. Tira eta tira tropelburuak, faboritoetako batzuk atzera, eta gero eta gutxiago buruan. Erasoen txandan, konexioa huts egiten hasi zen. Eten egin zen arte. ETB1eko aurkezleen ahotsa ere joan etorrian. Ohartzerako, ahotsa bai, irudirik ez. Eta aurkezleek penaz azaldu zuten irabazleak gainditu zuela helmugako marra. Irudi ederra iruditu zitzaidan. Keinu bat. Emanaldia eta gaztearen ihesaldia parekatzen zituen. Emanaldi luzean lanean jardun eta unerik garrantzitsuenera iritsi ahala arriskua ikusi, segi eta segi, baina aukerarik ez, azkenerako.

Gauean, ETB2ko albistegiaren hasierako titular orokorretan —ez kiroletakoetan—, arreta eman zidan batek. Lehen ere, tonu beretsua zuelako, arreta eman zidanaren segidak. Aurkezleak esan zuen asteburuan Bilbon izandako errugbi lehiaketaren balantzea egiteko garaia zela, berak ongi egina bazuen ere. Eta albisteak aurrera, honela aurkeztu zuen gaia: «Bilbon, balantzea egiteko eguna da, errugbiko txapeldunen ligako finalen ondoren. San Mamesera, bi egunean, 83.000 pertsona sartu dira, beraz, hiria bisitatu dutenak batzuk gehiago izango dira; antolatzaileek eta erakundeek kalkulatzen zituzten 100.000 pertsonetik gertu. Balantze oso positiboa, zifrarengatik, kanpoan izandako oihartzunagatik eta istilurik izan ez delako». Jorratu zuten albisteari entzungor egin nion ia, lau ideia buruan: aurkezlearen hiruko erregela aplikatzeko modu berezia; balantze egokia egiteko, ezinbestekoa dela jasotakoa emandakoarekin alderatzea; zein behar duen ETBk aipatu antolatzaile eta erakunde horiei beren lana egiteko edo zuritzeko; ez ote den izan, Bilbokoa ere, ihesaldian sartu eta saiatu arren, helmugaraino iritsi ez dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.