Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Ez beste dena

2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Bizimodua musikagintzatik ateratzeko garrantzitsuena musikaria ez izatea dela entzun nion Gorka Urbizuri, irratiko elkarrizketa batean. Berak, oker ez banago, Francis Diez Doctor Deseo musika taldeko kantariari entzun zion. Ordudanik, niri ere entzun izan dit batek baino gehiagok. Mudatu egin dut, gainera, egia borobila. Hainbat alorretara eraman dut formulazioa, eta aldagaia egokitu. Zenbait kultura alorretan pare-parean dator, beti.

Ni izango naiz ideia burutik kendu ezinik. Baina iruditzen zait hainbat sortzaile ere ari direla joko horretan. Azkena, argi eta garbi, joan den larunbatean ere, Fernando Aranburu idazlea. La Sexta kateko Crea Lectura literatura saio laburrean, erreportaje eta elkarrizketa nahasiko bost minutu eskaini dizkiote. Donostian ageri da erdigunean, euripean, jendeari so, hilerrian pentsakor, malenkoniatsu. Hernaniko erdiguneko frontoi ireki aldarrikatzailean, noski. Eta, aipatu aipua bereratuz, komeni zaion guztiaz mintzo da ia, aupatu duen liburuaz izan ezik. Literaturaz izan ezik. Haren konpromiso eta funtzio altruistaz; herriaren iraganaz, orainaz eta geroaz; bere etika pertsonal eta literario orbangabeaz; ikuspegi politikoaz.

Hori beharko du, hain zuzen ere, sorkuntza lan batek la gran novela vasca bihurtzeko. Hala irudikatu eta eraiki zuen berak eleberria, hala sortu zioten publizitate kanpaina, hala goraipatu zuten komeni zitzaien hedabideek... Eta hala dabil, aspaldian, Aranburu, batera eta bestera, Amerika deskubritu zuena balitz moduan, herri honen zati bat eta herri honetako gainontzeko idazle guztiak gutxietsiz.

Bernardo Atxagari entzuna diot idazlearen funtzio nagusia, izatez, estereotipoak haustea dela. Nago idaztea bera ez zela Aranbururen lehentasunetako bat izan, Patria eleberria zirriborratzen hasi zenean. Azkar asko ohartu nintzen horretaz, liburua argitaratu zen astean bertan erosi bainuen. Denbora gutxian irakurri nuen; lehen erdia arin, ondorengoa asko kostata. Istorioa bera ondoren etorri denaren adibide ona da. Hasieratik dago hatz puntekin eutsia. Azalak mamiak baino pisu handiagoa du. Hala gertatu da eleberriak sortu duen zurrunbiloarekin eta larunbateko saioarekin ere. Begiratu, bestela, Polloeko hilerrian nola pasatzen duen eskua hilarri bustiaren gainetik. Hori bai kontakizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.