EKOGRAFIAK

Urteko ezkontza

Miren Manias -

2018ko maiatzak 23
Bai, nik ere ikusi nuen. Pasa den igandean, ordea. Alegia, ezkontzaren biharamunean. BBCko nahieran aplikazioan dago eskura. Aste osoan jardun zuten hedabide publiko eta pribatu ia guztiek Erresuma Batuko Harry printzea eta Meghan Markle aktore estatubatuarraren arteko ezkontzaz. Gora eta behera. Ezkongaiek eramango zuten jantziez, horien diseinatzaileez, bikoteak egin asmo duen eztei bidaiaz, izango ziren herrialdeko eta atzerriko gonbidatu ospetsuez —azken horiei arretaren zatirik handiena eskaini zietela esango nuke; beste behin, kanpokoa etxekoa baino hobea balitz bezala—. Telebistetako platoetara gonbidatu zituzten diseinu eta protokolo adituak, Europako errege etxeei buruz idazten duten kazetariak, baita apaizak ere. Izatez, ariketa zaila bilakatu zen urteko ezkontzaren gaineko mezu bonbardaketa ekiditea. Alde batetik, gertaerak aukera asko ematen zituelako formatu eta iraupen ezberdineko saioak ekoizteko —informaziozkoak nahiz entretenimenduzkoak—; eta, bestetik, Eskoziako kaleetara ere hedatu zelako kontua.

Eskozia ez da Erresuma Batuko errege etxea bereziki maitatzen duen lekua; ezta Glasgow ere. Paseatzera irten nintzen larunbatean. Ohikoa ez bada ere, eguraldi izugarri ona egin baitzuen. Hiriko ekialdetik mendebaldera; ia bi orduz. Nire harrigarri, balkoi batzuetan Erresuma Batuko banderak zintzilikatuta ikusi nituen. Meghanen eta Harryren ezkontza ospakizunaren sinbolo. Tabernetan baziren bandera txikiagoak ere; haien kanpoaldea apaintzen zuten. Horietako batean zerbitzaria ikusi nuen, zigarro bat erretzen, banderaren koloreekin jantzita. Hautu propioa ala nagusiak aginduta izan zen? Kuriosoa bada ere, ideologia ezkertiarra duten auzoetan aurkitu nuen argazki hori.

Zorionez, ezkontzaren kontrako mezuak ere heldu zitzaizkidan. Gehienak, sare sozialen bitartez. Bat bera ere ez telebistan. Norbait ausartuko litzateke? Pena da. Izan ere, ideia oso interesgarria irakurri dut Twitterren; hala dio Ricky Harriesek: «Ez zait interesatzen Meghan Marklen aita ezkontzara etorriko den ala ez, ezta errege etxearen ingurukoak ere. Ikustaldi bakoitzeko dirua kobratu beharko lukete, eta konprobatu benetan zenbat jenderi axola dion kontu honek». Urteko ezkontza 36,5 milioi euro kostatu da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna