Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Kontra( )esanak

2018ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Demokrazia deitzen diote, eta ez da hala. Gero eta argiago ikusten dut: garai bateko musika taldeetako hitzen egileak ez ziren igarle onak, baina uneko eta geroko analistek baino zehatzago begiratu zioten inguruari. Eta arrazoi izaten jarraitzen dute hamarkadak eta hamarkadak igaro ahala.

Zelaian gola ospatzen den bitartean, bakea munduan. Eta, beste behin, han eta hemen ikusle datuak zenbatzeko aparailuak lehertu dituen futbol partidak eman du zeresanik. Txilenak txilena eta hanka sartzeak hanka sartze, partidaren amaieran zelaian bertan telebistari egindako adierazpenak itzalean utzi du gainontzeko guztia. Baita nagusi den alderdi politiko zigortuaren krisia ere.

Haiek kaka eta guk amen esaten dugulako. Willy Toledok ipurdi bistan utzi baitzuen La Sexta kateko kazetaria duela egun batzuk. Zuzenean kateak egiten zion boikota salatu ondoren, kasualitatez eta aspaldiko partez, gonbidatu egin baitzuten platora. Ipurdi bistan gelditzea alde nola erabili gogoetatuko zuten, eta haien burua zuritu.

Ez gara ezer eta ez gara inor. Kate berean, egun bat beranduago, azalduko da alderdi baten burua eta esango du bera ez dela nor beste alderdi bateko arduradunen etxearen erosketaren inguruan iritzia emateko. Badituela bere ideiak, beretzat gordeko dituenak. Berdin dio kazetariari. Argudioen indarrari, lotuko dio gaiari buruzko galdera pila, bila eta bila.

Ez dut aurrerantzean naizen hau izaten jarraitu nahi. Buruz buruko txapelketaren finala ETB1en. Iragarkietan, gaurko Ur handitan saioaren aurrerapena. Apustuen gorakadaz eta arriskuez ariko dira. Artekariez oroitzen hasi zarenean, beste iragarki bat. Apustu etxearena, zehazki. Egin apustu: jokatu hamar euro eta emango dizkizute beste hamar opari. Iragarkien zerrenda diseinatu duenarekin akordatu zarenean itzuli dira frontoira. Eta tantoaren erdian, pantailaren oinean, beste iragarki bat, apustu egitera bultzatzen zaituena hori ere.

Parez pare dira kontraesanak eta kontra esanak. Denok ditugu, denok gara kontraesan. Denok esaten ditugu, denoi esaten dizkigute kontra. Azken irtenbidea abestiaren hitzekin osatu nahi nuke zutabea, baina ez naiz ausartzen. Etorriko zaizkit, bestela, Jerezera edo, atxikitzera berdez jantzita. Ez baita gauza bera, atxiki eta atxilotu, ondorioa eta larritasuna berdintsuak izan arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.