EKOGRAFIAK

Hipokrisia

Miren Manias -

2018ko maiatzak 30
Aurreko zutabean azpimarratu nuen. Londreseko Grenfell dorretik bizirik irtendako lagunak etxe baten zain daude, urte bat geroago. Dirudienez, arazoak ez du presarik. Total, etxebizitza publiko horietan bizi ziren pertsona gehienak beltzak, etorkinak eta pobreak dira. Hain justu, Kensington auzoak —Nothing Hill dotoretik gertu dago— bultzatu nahi duen irudiaren kontrakoa. Ustez istripuz kiskali zen eraikina Kensington iparraldean zegoen. Itxura guztien arabera, etxerik gabe geratutako pertsonak ez dira berriro bueltatuko euren auzora. Telebistan, aldiz, gutxitan deitu zaio bere izenez gertaerari: bazterkeria.

Ez dakit zenbat entzun den Euskal Herrian Erresuma Batuko beste eskandaluaz: Windrush Generation. 1948an, Bigarren Mundu Gerratik indarberritzen ari zen herrialdea. Eraikin asko galdu ziren bonbardaketetan, eta beste asko berreraiki behar ziren. Karibeko gizon eta emakume asko borrokatu ziren Erresuma Batuko armadarekin, izan ere, gerra garaian hango herrialde asko zeuden britainiarren kontrolpean. Liskarrak amaituta, Karibeko lagun asko etorri ziren Erresuma Batura lanera; haiei zuzendutako lan iragarki bati segika. Itsasontzia jarri zien Londresek, Windrush Inperioa izenekoa, Atlantikoa gurutza zezaten. 1971n, baimen egoitza iraunkorra eman zieten. Urte horietan guztietan, aldiz, gobernuak ez du pertsona horien jarraipen zurrunik egin. Berriki jakin da 2012an, immigrazio lege berria indarrean sartuta, hainbat karibetar erbesteratu zituztela. Gaur, legez kanpo bizi direla esan diete gainerakoei. Noski, zaila da aitortzea haien azalaren kolorea dela arazoa.

Gertatu zitzaidanean, ez nion garrantzirik eman. Areago, xelebrea zela pentsatu nuen. Portugaletik bueltan, iragan apirilean, Glasgowko aireportuan zera galdetu zidan poliziak kontrolean: «Eskozian bizi zara?». Baietz esan nion. Berak, orduan, non bizi nintzen jakin nahi zuen. Kalearen izenarekin erantzun nion. Modu naturalean. Ezer ez gertatzen ari ez balitz bezala. Gaur, beldurra ematen dit honek. Lanbideaz galdetu balit? Edinburgoko Unibertsitatean lan egiten dudala esanda, dena ongi? Agian, Londreseko balkoi batean zintzilik geratutako ume bat erreskatatu eta telebistan zabaldu beharko nuke. Frantziar erara. Zenbat hipokrisia!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna