EKOGRAFIAK

Justizia poetikoa

Miren Manias -

2018ko ekainak 6
Zutabe honek spoilerra du. Beraz, hobe duzue orain erabakitzea irakurtzen jarraitu ala ez. Herenegun amaitu nuen ikusten Terence Winter (The Sopranos, 1999-2007) gidoilari eta ekoizleak sortutako Boardwalk Empire (2004-2010) telesaila. AEBetan girotua dago, 1920ko hamarkadan, alkoholaren produkzioa eta distribuzioa debekatu zuen lege lehorraren garaian. Bost denboraldi guztira; 56 atal. Norbaitek gure Ekografiak zutabeari jarraitzen badio, beharbada jakingo du urte hasieran ekin niola lehenengo denboraldiari. Agian pentsatuko duzue denbora gehiegi eman dudala osorik ikusteko —ia sei hilabete—. Agian, ez. Aitortzen dut ez naizela telesailen zalea. Batetik, nahikoa denborarik ez dudalako; bestetik, oso gutxik harrapatu nautelako. Boardwalk Empire azken salbuespena izan da.

Nucky Thompson (Steve Buscemi) telesaileko protagonista benetako politikaria eta kriminala izan zen: Enoch L. Nucky Johnson (1883-1968). Zehazki, alderdi errepublikanoaren klientelismo politikoaz arduratzen zen Atlantic Cityn eta konderriko gobernuan, kontrabandoaren, prostituzioaren eta azpijokoen bitartez. Lege lehorra ez zen batere aplikatu Atlantic Cityn, eta ospe handia eman zion hiriari: The World's Playground (Munduko jolas parkea) izendatu zuten. Johnsonen diru iturrien zatirik handiena alkohol kontrabandoko irabazien portzentajea zen.

Istorio errealean ez bezala, fikzio honetan protagonista tiroz hiltzen dute. Justuki, hasieran haren zaintzapean egondako eta ondotik Nuckyk garbitutako Jimmy Darmodyren semeak hiltzen du. Izatez, Nukcyk erabakia hartua zuen aro berri bati ekiteko, dena atzean uzteko. Alegia, negoziotik at zen. Telesailaren egileek, aldiz, justizia poetikoa hobetsi dute. Printzipio moralei jarraikiz, bertutea sarituz eta makurkeria zigortuz. Fikziozko istorio honetan antzekotasun ugari ikusi ditut Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohiaren egoerarekin. Luzea da Rajoyk egindako makurkerien zerrenda; zer esanik ez haren alderdiaren ustelkeria kasuena. Izan liteke Pedro Sanchez presidente berria justizia poetikoaren sinbolo? Urtzi Urrutikoetxeak ondo zioen igandeko BERRIAn: «PSOEk badaki zerbait lotsa izpirik gabe gaur gorri eta bihar zuri esateaz». Lagunok, hasi da Moncloako denboraldi berria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna