EKOGRAFIAK

Huts erretorikoak

Jokin Labaien -

2018ko ekainak 14
Hutsaz aritu, ari eta ariko gara. Lehen, orain, eta, ezinbestean, gerora ere.

Orduak eta orduak eskaini dizkiogu —igorleek adina hartzaileek— telebistan marrazki bizidun bateko pertsonaiak diruditen bi handi-mandi horien arteko negoziaari. Eguna iritsita, asper-asper egin gara haien arteko esku ematearen eta irribarre behartuen irudiei begira. Hitzartua zer den, zertarako den, beharrezkoa den, beteko ote den ebatzi behar ondoren, adituak balira bezala, bagina bezala. Marrazki bizidunetako pertsonaien hitza eta sinadura aintzat hartzekoak direlakoan. Esango dit batek baino gehiagok baietz, haien mugimenduak nik uste baino garrantzitsuagoak direla. Ados nago. Baina nonbait irakurri dudan esaera gordeko dut niretzat: astelehenekoa, izatekotan, akordio erretorikoa dela. Hutsa gertuago du, mamia baino. Erretorikoak, beste behin, errealitatea jan du, gure laguntzarekin.

AEBak eta Ipar Korea gutxi ez, eta Errusiara begira jarriko gara gaur gehienok, atzo despistatu eta hala egin ez bagenuen. Ez soilik epizentroa Asteasun ere baduen eta espainiarren buruhauste handi bilakatu den albiste sortagatik. Bihar hasiko da haurtzaroan poz, arreta eta ilusio iturri zitzaidan gizonezkoen futboleko Munduko Kopa. Atzo egunkari honetan irakurri ahal izan genuenez, aurreikuspenen arabera, partidek 3.500 milioi ikus-entzule izango dituzte munduan barrena. Ekitaldiak dirua barra-barra mugituko du, ostera. Gurean, Mediaset etxearen kateetan eta TF1 katean ikusi ahalko da. Mediasetek —heldu gogor— partida denak eskainiko ditu irekian, 64, Tele5, Cuatro eta Be Mad-en. Erotzekoa, bai. TF1en, horietatik 28 ikusi ahalko dira irekian. Gainontzekoetarako, ordaindu egin beharko da. Gehitu ordu kopuru horri saio berezi, albiste, erreportaje, partiden aurreko eta osteko, eta beste. Pentsa, erretorikaz ez bada ere, zenbat hitz egingo zaigun arinkeriez eta epika nahiaz, munduak eta gure buruek baloiaren forma dutela aitzakia hartuta. Hutsaren hurrengo bihurtuko dira mamia duten asko eta asko, hilabetez gutxienez.

Ez uste, niri ere ahaztu egingo zait, egun batzuetan, adibidez, hau idazten ari naizela noraezean doan itsasontzi madarikatuarena. Nik ere elikatuko dut kontraesan globala hainbat partidari, irekian, begira. Espainiarenei ere, ziur asko. Ni ere, nola ez, hutsaren parte bainaiz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna