EKOGRAFIAK

Kopari ihes egiteko zerrenda

Miren Manias -

2018ko ekainak 15
Egin dut apustua: Alemania izango da nire taldea Munduko Kopan. Brasil aukeratu nahi nuen, baina laguna aurreratu da. Edonola ere, txapelketan urrunen iristen den taldea hautatu duenak irabaziko du afari bat. Alegia, galtzaileak ordaindu beharko dio hari. Eta bestearen futbol taldea kopako garailea bada, bi afari ordaindu beharko dizkio.

Munduko Kopak hartuko ditu telebistako ordu gehienak uztailaren 15era bitartean. Egunean hiru eta lau partida artean ikusteko aukera izango da, batez beste. Bestela esanda, gutxienez, ia bost ordu. Horri erantsi, batetik, kate bakoitzak txapelketari eskainitako saio bereziak; bestetik, albistegietako kirol tarteetan landuko direnak gai berari buruz. Askok gozatuko dugun Munduko Kopa izango da, dudarik gabe. Lagunekin elkartzeko aitzakia ere izango da; agian, eguzkitan ikusteko aukerarekin.

Badira beste asko telebista ikuskizuna jarraitzeko irrika handirik ez dutenak. Areago, futbola edo kirola gorrota dezaketenak. Mundua librea da, aizue. Bestela, galdetu dimisioa aurkeztu berri duen Espainiako Kultura ministro ohi zein telebista gizonari; Maxim Huertak ozen adierazi ohi du ez duela gustuko kirolik praktikatzea. Ez dakit telebistaz ikusiko ote duen, baina gomendio bat emango nioke une zail honetan: distrai zaitez Munduko Koparekin.

The Guardian egunkariak zerrenda osatu du Erresuma Batuko telebista eskaintzarekin, Munduko Kopa ekidin nahi duenarentzat. Eskertzekoa izango da. Hona hemen nirea, astebururako, saio aipagarrienetako batzuekin. Gaurkoen artean: 22:00tan, Al otro lado de la cama (2002) filma, La2n —ez da zoragarria, baina, tira—. Larunbatean: 11:30ean, EiTB Kultura Transit aktualitateko programa ETB1en -Saioa Lara zinema jantzien diseinatzailea izango da; Goya saria irabazi zuen Handia filmarekin—. Ondoren, Artefaktua, literaturari buruzko saioa; 15:00tan, kate berean. Gauez, La1n, Erin Brockovich (2000) filma duzue —Julia Roberts aktorearen antzezpen bikainarekin—. Igandean, aukera gutxi daude. Interneteko konexioa duzuenontzat, jarraian proposamen bi: A Normal Life. Chronicle of a Sumo Wrestler (2009) eta Basque Hotel (2012) dokumentalak. Biak ditut ikusi gabe, baina eskuragarri daude La2 telebista kateko webgunean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna