gorka julio
IRLEN SAREA

Errore informatikoa

2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko 270 emakume hilik egon daitezke arazo edo errore informatiko baten ondorioz. NHS osasun publikoko sistemak 50 eta 70 urte arteko emakumeei hiru urtez behin mamografia bat egiteko mezu bat bidaltzen die; bada, arazo horren ondorioz, ez omen zien bidali. Orain jakin dugu 450.000 emakumeri eragin ziola arazoak; kalkuluen arabera, horietatik 270 hilik egon daitezke jada, mamografiak detektatu zezakeen minbizi bat antzeman ez izanagatik.

Gizakiok egiten ditugun akatsak mugatzeko erabiltzen ditugu teknologiak. Eta batzuetan, akats handiagoak egitera eraman gaitzakeela argi dago. Baina zer dago errore informatikoa esamoldearen atzean? Kulpa edo ardura — bakoitzaren erlijioaren arabera— zeinena den bilatzen hasten bagara, zer, non, norenganaino... iritsiko ginateke? Erroreak beti egongo dira, baina batzuek ezagutza teknikoan —iluna eta ezkutua dela irudikatzeko xedez— urtu nahi izaten dituzte ardurak. Programatzailea izan ohi da lehen akusatua, filmetako maiordomoa, bere ezagutza teknikoak gaizki erabili eta akats bat sortu duena sisteman. Aukera hortxe dauka, bera da programa hori egin duena. Bere ezagutza teknikoengatik jende askorentzat arrotza da egiten duen lan hori; karga gainera botatzeko kopla-buruko bikaina.

Inork gutxik pentsatuko du programa erabili duenarengan. Erabaki hori hartu behar zuen eta hartu ez zuen nagusiarengan. Oraindik gutxiago seguruenik, sistemak berak, egoera horiek ekiditeko prozesu gizatiarragoak ez izanaren ardura. Edota, teknologikoak izanik ere, kontrol neurriak ezartzen dituzten beste programa edo teknologia batzuen beharraz. Agian okerrago litzateke sistemak berak horrelako akatsak onargarri ikusten dituela pentsatzea.

Bada albistean beste detaile txiki bezain aipagarri bat. Dirudienez, Eskozian erabiltzen duten sistema informatikoa ezberdina denez, arazoak ez zuen bertan eraginik izan. Gales eta Ipar Irlandan ere, nahiz eta Ingalaterrako sistema antzekoak erabili, ez omen dago arrazoirik pentsatzeko akats bera pairatu zutenik.

Aurreko batean aipatzen genuen eta aurtengo Informatikari Euskaldunen Bilkurak gai bezala hartu duen burujabetza teknologikoak, honetan, gure osasunean ere eragina dauka, horrenbestez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.