gorka julio
IRLEN SAREA

#Esanbeharnuen

2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Zibersegurtasuneko bi gune berri izango ditugu Euskal Herrian: Euskara eta IKTak ikertzeko, software librea eta burujabetza teknologikoa garatzeko edota Sareko Euskal Unibertsitatean hezteko aukerarik ez dugu izango, ordea. Aipatutako hirurak detektatutako behar zehatzak izan dira foro ezberdinetan. Batzuk urteetako eskari bat dira, eta beste batzuk jada martxan ari diren zenbait prozesuen bultzatzaile izan daitezke.

IKTak eta euskara ardatza duen zentro batek zehar lerro moduan lan dezake gaia, arlo ezberdinetan: hezkuntza, osasuna, komunikazioa, lana... gaian eraginez.

Software librea eta burujabetza teknologikoaren perspektibarekin lan egingo lukeen zentro batek, aldiz, egiten ari diren esfortzuak bildu, proiektu berriak garatu eta bide horretan doazen proiektuekin elkarlanean aritu edota proiektu arrakastatsuak Euskal Herrira erakar ditzake.

Sareko Euskal Unibertsitateak XXI. mendeko behar sozial bati erantzungo lioke alde batetik, eta bestetik, jendarteak aspalditik eginiko eskari zabal bati bide eman. Duela urte batzuk eskaria zena behar bat da orain. Baina ez du erantzunik jaso.

Hiruek zutabe honen helburu diren teknologia eta komunikazioari loturik daude, eta horregatik aipatu ditut. Hiru adibide zehatz dira, baina ez dira adabakiak. Hainbat arazo multzoei erantzun bat bilatzeko balio duten proposamenak dira. Beste hiru izan zitezkeen, noski, baina etengabe eta foro anitzetan agertzen badira, bada zerbait.

Etengabe jaiotzen zaizkigun enpresa publiko, cluster, entitate autonomo, atxikitako zentro eta center... nahasmen honetan, arretarik merezi duten gaiak direla uste dut.

Nola sustatu horiek? Bultzada publiko bat behar duten gaiak dirudite, baina zer egin bultzada publikorik ez dagoenean? Noiz arte tematu bultzada publiko hori bilatzen? Zein momentutan eta nola bide autonomo bati ekin, behar horiei erantzuteko?

Estilo kontua da, galderak egin eta ez erantzutea; frustrazioa ezkutatzeko estrategia bat ere badela ere argi, baina bada jendea, bada gogoa, baliabide batzuk beharko dira, baina proiektu hauek egingarriak dira.

Barkatu purrustada irakurle, baina Twitterren traol bihurtu den esamoldeak dion moduan: #esanbeharnuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.