gorka julio
GORKA JULIO

Alerta!

2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Alerta piztu dute Interneten askatasunen aldeko ekintzaileek, horien artean sortzaile izan zirenetako batzuk, baina baita, eta bereziki, Wikipediaren inguruan lanean dabiltzanek ere. Europako Batasunaren Merkatu digital bateraturako egile eskubideen zuzentarau berriak Internet eta ezagutza librea arriskuan jar ditzake. Ekainean batzorde batean bozkatuko da araua, eta baliteke uztaila eta iraila artean onartzea.

Legeak sarearen neutraltasuna arriskuan jarriko du, eta, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak adierazi bezala, «adierazpen askatasuna, sareko elkarlana eta dibertsitatea» arriskuan jar ditzake. Bide batez, Europako Legebiltzarreko kideei dei egin diete legearen aurka bozka dezaten.

Copyright legean murrizpen zorrotzagoak ezarri nahi ditu legeak, ia edozein Internet proiekturi eragingo dioten neurri gogorren bidez. Bereziki larriak dirudite 11. eta 13. artikuluak.

11. artikuluak ateak irekitzen dizkio webgune batean loturak jarri eta horien azalpen edo aipamen bat egiteagatik, ordaintzeari. Webgune bati edo batzuei lotura egin eta lotura horietan aurkituko den informazioaren laburpen bat emateagatik, webgune horren jabeari ordaindu behar izatea ekar dezake horrek. Alegia, zenbait hedabide digitalek lortu nahi izan zutena, baina, orain, eskala handian.

13. artikulua aldiz, edukiak partekatzeko erabiltzen den edozein web zerbitzuri eragiten dio. Irudi, audio, bideo... edo edozein eduki digital web zerbitzu horretara igotzean, honek datu base batean egiaztatu beharko du edukiak copyright baimena duen, eta, beraz, zilegi dela igotzea. Honek hainbat arazo sortzen ditu. Alde batetik edukiak partekatzeko aukera murriztu dezake, positibo faltsu asko eman, eta orain arte praktika arruntak direnak murriztu (memeekin zer gertatuko da?). Horrez gain, horrelako zerbitzu bat martxan jartzea oztopo izango da proiektu berrien sortzeko.

Europako Legebiltzarrari lege honek dituen arriskuak azaltzera eta aurkako botoa eskatzera deitu dute, changecopyright.org bidez. Sarean ere, #SaveYourInternet edo #ChangeCopyright traolak aridira erabiltzen. Beste eraso berri bati erantzun behar izatea, nekagarria da. Hobe lukete denek BERRIAk aste honetan egin bezala, beren edukiak (kasu honetan infografiak) libre jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.