gorka julio
IRLEN SAREA

'Guifi.net' fundazioari saria

2015eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Guifi.net fundazioak 2015eko belaunaldi berriko banda zabaleko egitasmorik hoberenaren saria jaso du. Eredu berriztagarriak finantzaketan / ekonomian eta inbertsioan kategoriakoa da saria. Europan belaunaldi berriko banda zabaleko proiektuentzat erreferente bihurtzen du sariak.

Zabaldu duten oharrean adierazten duten bezala, egitasmo kolektiboa da. Herritarrengandik eta boluntariotzatik, enpresa txiki edo ertainetatik elikatzen dena, eta administrazio lokal batzuen laguntza du horretarako.

Guifi.net sare libre eta neutral bat osatzeko helburua duen ekimena da. Ekimen horretan parte hartzen dutenek, jabetza edozeinena dela ere, beti bete behar dituzte sarea izaera komunera lotzen dituzten printzipioak. Errepide sare publikoan bezala, batak besteari pasatzeko eskubidea ziurtatu behar dio, adibidez.

Orain saritzen den eredu ekonomikoaz gain, aspalditik du Guifi.net-ek garapen eredu komunitario eta sostengarri bat. Bere arrakasta, sarea osatzen duten agente guztiei tokia egitea eta bakoitzak beren ahalmen eta interesen arabera bada ere, sarea osatzearen helburu komuna lanean jartzea izan da.

Horrela boluntarioek, beren lanorduak eskaintzen dituzte, baina horiek zenbatzeko aukerarekin. Enpresa batzuek beren baliabideak sarearen esku jartzen dituzte; profesionalek konponketak eta mantentzea ziurtatzeaz gain, boluntario moduan ere ordu batzuk ematen dituzte; elkarte batzuek zerbitzua hedatzen dute auzoan edo herrian; erakunde batzuek baliabideak jarri eta ziurtasun legala ematen diote proiektuari.

Euskal Herrian, Donostian Gisa elkartearen laguntzaz laster ikusiko dugu sarea hedatzen. Aurretik,beste toki batzuk izan ziren lehen irlak: Errenteriako GaztaƱo auzoa eta Andoaingo Sorabila horietako bi (Gipuzkoa).

Saritzen den eredu ekonomikoari begiratuta ere, berritzailea izateaz gain, bikaina da. Orain modan dagoen partekatze ekonomia (sharing economy) gainditzen duen eredua ere bada. Izen bat jarri beharko bagenio ekonomia partekatua (shared economy) izan liteke. Baliabide pribatuak partekatzeaz gain, ardurak ere partekatzen direlako. Sarea osatzen duten guztien ardura da, eta horrek sortzen duen ondasuna komuna. Hori gaur egun, izugarria da.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.