Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Absentzien talaiatik

2018ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Esaten duena bezain inportantea da zer ez duen esaten. Alegia, bere absentziak, bere elipsiak, bere hutsuneak, bere etenak. Bertsolariak ematen ditu imajinak bat bestearen ondoren, bestearen ondoren, inolako lotura gramatikal, lotura erretorikorik gabe. Eliminatzen duenarekin sortzen du infinitua. Eta jartzen ez duenak ematen dio indar hori bertsoari, niretzako». Joseba Zulaikaren gogoeta da, Bertsolari filmean eskainia. Niri, entzun nuenean, zer pentsatu handia eman zidan. Eta, gerora, hainbatalditan ahaztu egin dudan arren, beste hainbatetan bertsoak jaso eta digeritzeko modua zeharo aldatu dit. Bi gauza desberdin baitira dagoenari begiratzea edo dagoenari ez dagoen horretatik abiatuta begiratzea. Oso ariketa interesgarria da. Bertsogintzatik harago, praktikatu izan dut ariketa, behin baino gehiagotan. Adibidez, telebistari aplikatuz. Izan ere, maiz, honako hau gertatzen zait: mandoa hartu eta eskaintza amaigabe horretan, gustuko ezer ez aurkitzea. Ez behin, ez bitan, ez hirutan... Hartu izan dut programazioa, eskuen artean, eta gustuz edo arretaz ikusiko nukeen horiek identifikatzen saiatu, ez lortu. Une egokia da hori telebistak esaten duenari bezainbesteko garrantzia emateko esaten ez duenari. Alegia, pantailako absentziak, elipsiak, hutsuneak eta etenak identifikatu, eta telebistaren lengoaiaren baitako lotura gramatikal eta erretorikorik gabe ulertzeko bertan badagoena. Kasu honetan, ordea eliminatzen denarekin ez da infiniturik sortzen, jartzen ez denak indarra kentzen dio telebistari, niretzako.

Zerrenda bat egin dut gaurko telebistaren jarioak dituen hutsuneak, esaten ez dituenak, azaltzen dituena. Atal desberdinak agertzen saiatu naiz: formatuak, gaiak, pertsonak, lengoaiak, hizkuntzak... Ez dut hona ekarriko, hala ere. Nahiago nuke zuk zurea egingo bazenu. Niri balio izan baitit ohartzeko, zerrendako puntu bakoitzarekin itsutzeko baino gehiago, falta diren horiek azaltzen dutela zergatik dauden daudenak. Zein logikarekin, zein estrategiaren baitan, zein hutsune estaltzeko, zein helbururekin. Zenbateraino jarriko lituzketen arriskuan faltan direnek. Telebista —ez beste ezer— ez dut beti talaia horretatik begiratzen, noski, baina, tartean behin, balio izaten dit hankan lurrean jarri eta bestelako logika batetik gertatzen dena ulertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.