Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Heroia ala traidorea

2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldian —berez, SSIFF deitu beharko nukeen horretan—, badut ohitura bat, agendak baimentzen didan aldiro gozamenez betetzen dudana. Kursaalean, goizeko lehen orduan, film bat ikustea. Asko gustatzen zait gala egun handiekin alderatuta higatua dirudien alfonbra gorritik igaro, besaulkian eseri, ingurukoen aharrausiei nireak gehitu eta istorioan murgiltzea. Bakarrik joan ohi naiz, gainera. Duela bi urte, Oliver Stone zuzendariaren Snowden filmarekin bete nuen errituala. Aseta irten zen aretotik nire baitako konspiratzaile txikia.

Igande eguerdian, filmaren iragarkia ikusi nuen La1 katean, gauean eskaintzekoak baitziren. Berandu harrapatu arren, bukaerak harritu ninduen. Hain zuzen ere, filmaren kredituetan egiten den galderarekin osatu baitzuten. Edward Snowden heroia ala traidorea ote den galdetzen du off-eko ahotsak. Stoneren lana ikusi duenak badaki galdera erretorikoa dela, ez besterik, heroi gisa azaltzen baitu zinemagileak, zalantza izpirik gabe.

TVEko langileek filmaren mesedetan, baina haien printzipioen kaltetan, zalantza egitea da deigarria. Haien larruan sartuz gero, gazte estatubatuarrak herrialdeko legeak hautsi eta bere ekintzekin batasun nazionala arriskuan jarri zuela pentsatuko luke edonork. Eta, noski, iragan urrunari zein hurbilari begira, langileok ez dute inolako zalantzarik egiten herrialdea Espainia denean. Ohituta gaude horretara, gaizkilea euskalduna edo kataluniarra denean. Berriki, euskaldunekin edo kataluniarrekin batera modu demokratikoan testuinguru politikoa zeharo aldatu duena ere sartu dute zaku berean. Ez, noski, zuzenean, ezpada zeharka. Ez, agian, albistegian; bai, ordea, analisi eta tertulia guztietan, Espainia eta Espainiarekin hautsi nahi duten horiekin bat egiteak zilegitasunik ez duela defendatzen duten gonbidatuen ahotik.

Bakar batek ere ez dio kontrakorik, azken aldi luzean. Posible da, iragarkia prestatu duten langileek Espainia demokratikoa eta AEB antidemokratikoa desberdindu izana. Edo desberdindu izana errealitatearen seriotasuna eta fikzioaren arina. Edo, katearen programazioan, atal batzuk besteak baino malguagoak izatea, ildo ideologikoan. Edo, jokamolde antzekoak izanagatik, benetan, auzoaren jardunean zuloak ikustea, eta norberarenean ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.