Frankismoko krimenak ikertzeko bidea ireki du Bergarako epaitegiak

Lehenbiziko aldia da Euskal Herriko epaile batek genozidio salaketa aintzat hartzen duena
1936ko gerrako hainbat biktimaren gorpuzkiak atera zituzten lurpetik 2004an, Elgetan.
1936ko gerrako hainbat biktimaren gorpuzkiak atera zituzten lurpetik 2004an, Elgetan. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Samara Velte -

2017ko abenduak 12
Elgetak (Gipuzkoa) ere badu bere Maravillas Lamberto: Anttoni Telleria. 1937ko apirilean, 13 urte zituela, frankistak familiako baserrira sartu, eta bi gurasoak hil zizkioten begien aurrean; gero, bortxatu egin zuten bera. Lamberto ez bezala, Telleria bizirik atera zen: 2007ra arte bizi izan zen mila biztanle eskaseko herrian. «Baserrira iristea zaila zen, eta berak beti uste izan zuen herrikoek lagunduta heldu zirela hara frankistak», azaldu du Julia Mongek, Intxorta 1937 memoria elkarteko kideak. Duela hamar urte elkarrizketatu zuen Telleria, hura hil baino lehentxeago: «Herriko beste emakume batzuek aitortu izan digute bortxaketa gehiago izan zirela, baina isilpean geratu zirela, lotsagatik, estigmagatik».

Telleriaren kasua eta beste hamahiru krimen Bergarako (Gipuzkoa) epaile baten bulegoan daude orain, argitara atera eta aitorpen publikoa jasotzeko zain. Hark tramiterako onartu du Elgetako Udalak eta Intxorta 1937k jarritako kereila, eta ikerketarako diligentziak abiatu ditu ofizioz. Bi erakundeetako ordezkariek atzo jakinarazi zutenez, lehenbiziko aldia da frankismoko krimenen aurkako salaketa batek bide judizialean ikerketarako urratsa egiten duena. «Arrakala bat», Iraitz Lazkano alkatearen hitzetan. «Orain arte, Amnistia Legearen erruz ez ziren epaitzen frankismoko delituak, ahaztuta baleude bezala. Eta, gainera, ezin ziren ikertu ere egin».

Iazko udaz geroztik, ordea, zirrikitua zabaldu da haitzean. Argentinako Maria Servini epaileak abiatutako ikerketaren babesean mugitu dira Euskal Herriko erakundeak, frankismoko delituak genozidio eta gizateriaren aurkako krimentzat jo daitezkeelakoan. Nazioarteko legediaren arabera, delitu horiek ez dute preskribatzen, eta 1977ko Amnistia Legearen gainetik daude.

Elgetako Udalak, Euskal Herriko beste hainbat erakundek bezala, gerrako eta diktadurako krimenen aurkako mozio bat onartu zuen iaz. «Horrek, ordea, adostasuna agertzeko bakarrik balio zuen», ekarri du gogora Mongek: «Hurrengo urrats gisa, udalek hainbat bulego zabaldu zituzten, biktimek testigantza eman zezaten». Material horrekin, epaitegira jo zuten erakundeek, eta hainbat salaketa erregistratu zituzten. Kasu gehienetan, epaileek ez dituzte ikerketarako ere onartu, baina Elgetakoan, bai: lehenbiziko aldiz, genozidio delitua eta gizateriaren aurkako krimenen zantzuak ikusi ditu.

Jakina da bidea traba litekeela oraindik. «Fiskalak hartzen duen jarreraren araberakoa izango da», azaldu du Lazkanok. «Baina ikerketarako tramiteak onartu izana bera oso positiboa da, esan nahi duelako zer ikertu badagoela». Dena ondo badoa, urtarrilean bertan deklaratuko dute biktimek epailearen aurrean; hark dozena erdi bat senide deitu ditu testigantza ematera.

Telleriaren bortxaketa ez ezik, zibilen hainbat hilketa salatu dituzte, baita lan egitera behartutako hainbat pertsonaren kasuak ere. Krimen gehienak 1936ko uztailetik 1977ko ekainera bitartean gertatu ziren, baina 1980ko bi atentatu ere jaso dituzte kereila berean: Espainiako talde paramilitarrek lehergailu bana jarri zuten Elgetako udaletxean eta herriko taberna batean. «Ostatukoa 1980ko uztailaren 18an izan zen, altxamendu frankistaren urteurrenean», zehaztu du Lazkanok.

Argentinako heldulekua

Salaketatik epairako bidea, osorik egiten bada, ez da erraza izango. Beste zenbait udalek ere ekin izan diote —Iruñeak eta Gasteizek, esaterako—, eta ahalegin antzuak izan dira. Argentinako ikerketak, ordea, hauspotu ditu memoria erakundeen gogoak. «Espainian ate guztiak itxita zeudelako hasi zen Servini auzia Argentinan ikertzen», azaldu du Mongek. Hark ere zailtasun handiak izan ditu ikerketarako, Espainiako Gobernuak eragotzi diolako hainbat lekuko elkarrizketatzea. «Han ere luzaroan ezinezkoa izan zen krimenak epaitzea, antzeko amnistia lege bat zegoelako. Baina norbaitek lortu zuen zirrikitua zabaltzea, eta hainbat lagun epaitu dituzte ordutik».

Elgetakoaz gain, Debagoieneko beste hainbat udalek ere jarri dute kereila, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarria du ia mila krimen salatuko dituela. Arduradunak argitzea, ahal denetan zigortzea eta biktimei aitorpen publikoa egitea da helburua. «Garai hartako militar asko hilda daude, baina ez denak; batzuk bizirik daude», nabarmendu du Mongek. «Nolanahi ere, posible da estatua jotzea arduraduntzat».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna