LABen ustez, «gogoeta estrategikoa» falta du hezkuntza itunerako agiriak

EAEko Eskola Kontseiluak bilera du bihar itunaz hitz egiteko. ELA eta Steilas aurka agertuak dira

Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Nelida Zaitegi Eskola Kontseiluko lehendakaria. M. DEL VALLE / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Hezkuntza ituna egiteko oinarrizko dokumentua otsailean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak. Hainbat aditurekin osatu zuen agiria. Euskadiko Eskola Kontseiluaren esku dago hurrengo pausoa: Jaurlaritzaren proposamenari buruzko dokumentu bat egin behar du. Bihar du batzarra. LAB sindikatuak gogoeta txosten bat eramango du bilerara. Jaurlaritzaren proposamena kritikatu du LABek agiri horretan: «gogoeta estrategikorik» ez dela izan, eta «helburu mediatikoak» dituela. Aitortu du aurrerapauso batzuk badirela, baina neurriak falta direla uste du. Hizkuntza jarri du adibide: ontzat jo du euskarazko B2 maila jartzea helburu, baina ereduen sistema gainditzea ezinbestekotzat jo du.

LABen kontrakotasunarekin, horrenbestez, gehiengo sindikala aurka agertua da. ELAk eta Steilasek ez dute parte hartu. ELAren esanetan, «berme demokratikorik» ez du izan prozesuak; Steilasek adierazi du «benetakoa ez den akordio bat» islatu nahi duela gobernuak. EHIGE guraso elkarteak ere ez du parte hartu, «eztabaida faltsua» izan dela esanez.

Heziberri proiektuaren barnean dago itunerako bidea egitea. Lehen urratsa izan zen marko pedagogikoa adostea, eta hura babestu egin zuen LABek, «modu kritikoan». Bigarren urratsa, curriculum dekretuena, ez zuen ontzat jo, «LOMCE aplikatzeko tresna» izan zirelakoan. Eta hirugarren pausoa, itunerako prozesuarena, txartzat jo du, Jaurlaritzaren txostena ez delakoan baliagarria «herri gisa ditugun erronka sozial eta nazionalei aurre egiteko».

Neurri falta

LABek hiru hutsune nagusi ikusi dizkio Jaurlaritzaren proposamenari. Batetik, modua: gobernuaren «neurrira» egina dela, eta ez dituela aintzat hartu eragileen eskariak. Bigarrenik, «Espainiarekiko menpekotasuna»: Espainiaren legeekin «bat etortzeko» dagoela pentsatua, eta «ezinezkoa den bat etortzea» bilatzen duela. Eta, hirugarrenik, neurri falta: helburuak jarri dituztela, baina lortzeko bitartekoak behar direla.

Neurri falta horren adibidetzat, hiru gako. Batetik, hizkuntzei buruzko planteamenduan, euskarazko B2 maila jarri dute helburu. «Baina nola lortu ereduen politika gainditu gabe?». Bestetik, inklusioa: murrizketek «gainbehera» eragin dutela hezkuntzan, eta «segregazio egoerak areagotzen eta larriagotzen» ari direla. «Polita da esatea aniztasunari balioa eman behar zaiola, baina neurririk gabeko hitz politak hitz ustelak dira». Azkenik, autonomia: Jaurlaritzaren «autokritika» ontzat jo du LABek, baina uste du «baliabideak» jarri behar direla autonomia handitzeko, bestela «ikastetxeen arteko arrakalak handitzeko arriskua» dagoela eta.

Jaurlaritzaren dokumentuak zenbait gairi izkin egin diela ere ohartarazi du LABek; tartean aipatu du hezkuntza sareei buruzko eztabaida. «Publikotasun berri bat» behar dela nabarmendu du. «Hezkuntza eskubideak bermatzen dituzten eskola edo ikastetxe sareak (ikastolak adibidez) barne biltzeko bokazioa» izango lukeen publikotasun sistema bat.

Euskadiko Eskola Kontseiluaren biharko bileran azalduko du jarrera hori LABek, eta Jaurlaritzaren proposamenaren kontra egingo du. Hezkuntzako eragile ugari daude Eskola Kontseiluan, baina ez guztiak; Ikastolen Elkartea, esaterako, kanpoan dago. Parte hartzeko modua jartzeko eskatu du, baina kontseiluak adierazi du «zaila» izango dela hori.

Behin Eskola Kontseiluaren iritzia jasota, dokumentua Eusko Jaurlaritzara bueltatuko da. Gobernu kontseilutik igaroko da, eta Eusko Legebiltzarraren esku geratuko da gero. Hezkuntza legea egiteko adostasuna lortu beharko dute hango talde politikoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.