Gutxieneko sinadurak baino 7.000 gehiago «segregazioaren» kontra

Eusko Legebiltzarrean eztabaidatuko dute «eskola segregazioa» eragozteko lege ekinaldia
Herri ekinaldi legegilea bultzatu duen plataformako ordezkariak, atzo, legebiltzarreko erregistroan.
Herri ekinaldi legegilea bultzatu duen plataformako ordezkariak, atzo, legebiltzarreko erregistroan. JUANAN RUIZ / FOKU

Kerman Garralda Zubimendi -

2018ko ekainak 1
Zubiak Eraikiz elkarteak 10.000 atxikimendu behar zituen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «eskola segregazioa» eragozteko herri ekinaldi legegileak aurrera jarrai zezan. Bada, 17.030 sinadura eraman dituzte Eusko Legebiltzarrera. Apirilaren amaierarako, bildua zuten gutxieneko sinadura kopurua, eta aise gainditu dute. Ondorioz, legebiltzarrean eztabaidatuko dute «segregazioari» aurre egiteko lege proposamena.

Sinadurak parlamentuan aurkeztu zituzten atzo plataformako ordezkariek, alboan izan dituzten taldeekin batera —tartean, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE—. Bidean ikusitakoaz aritu zen elkarteko eleduna, Gonzalo Larruzea: «Negazionismoaren jarrera minoritarioa dela baieztatu dugu; eztabaida hezkuntza sistema segregatzailearen edo inklusiboaren artean dago, eta akordioak lortzeko izpiritua sumatu dugu».

Larruzearen esanetan, «eskola segregazioa» bazela ukatu egiten zen orain «urte gutxi batzuk» arte, baina hori aldatu egin dela erakutsi du herri ekinaldi legegileak izandako babesak. Parlamentuko hiru alderdi horien babesaz gain, Steilas eta CCOO sindikatuena ere eduki dute. «Minimoetan ados gaude. Bazeuden ñabardurak eta bestelako proposamenak, baina benetako aukera dago neurri batzuk bultzatzeko», adierazi du Larruzeak. Adierazi du proposatutako neurriak ez direla «arraroak», kontuan hartu dituztelako Euskadiko Eskola Kontseiluaren eta Arartekoaren irizpideak, eta beste herrialde batzuetakoak.

Hurrengo urratsak

Gutxieneko sinadura kopurura heldu direla egiaztatuta, legebiltzarrean osoko bilkura bat egingo dute proposamena aintzat hartu edo ez erabakitzeko. Plataforma babestu duten hiru taldeek gehiengoa daukate parlamentuan, eta, hortaz, arazorik gabe igaroko dute tramite hori. Ondoren, lantalde bat eratuko dute, proposamenaren edukia aztertzeko eta lege bilakatzeko. Aldaketak sor daitezke prozesu horretan. «Alderdi bakoitzak bere ñabardurak txertatu nahiko ditu, eta hor joko bat hasiko da. Gure nahia da joko horretan kontsentsua ez galtzea, orain arte alderdiek babes handia eman digute eta», zehaztu du Xabin Zubiri elkarteko kideak.

Gutxienekoetan ados egon arren, ez dute uste lantaldea uda aurretik amaituko denik. «Guk ez dugu presa handi-handirik. Legebiltzarraren erritmoaren arabera joango gara», adierazi du Zubirik. Lantaldean parte hartuko dute, baina azpimarratu dute amaitu dela euren lan nagusia. «Orain Eusko Legebiltzarrari dagokio euskal hezkuntza inklusiboago eta bateratuago bat bermatzea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Kerman Garralda Zubimendi

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna