Zaborra kudeatzeko plana hutsetik has dezala eskatu dio Sustraik UPNri

2010ekoa atzera bota du Espainiako Auzitegi Gorenak.Gobernuak zirriborro bat prestatu du

Aitor Karasatorre, ezkerrean, eta Sustrai Erakuntzako kideak, atzoko agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
«Hondakinak kudeatzeko inolako plangintzarik ez dago orain Nafarroan, nahiz eta Europak legez eskatzen duen». Horixe erran du Sustrai Erakuntza Fundazioko abokatu Eduardo Santosek. Erakunde horrek nabarmendu du Espainiako Auzitegi Gorenak «behin betiko» utzi duela hutsean Nafarroako Gobernuak 2010. urtean zaborrak kudeatzeko onartutako plana. Ondorioz, plan hori moldatzeko gobernuak egindako zirriborroak ere ez duela baliorik argi utzi du Sustrai Erakuntzak. «Gobernuak hutsetik hasi behar du beste plan bat egiten, herritarrek parte hartzeko duten eskubidea bermatuz».

2010. urteko plana onartu zuenetik gobernuak egindako urratsak aztertu ditu Sustrai Erakuntza Fundazioak, eta «legez kanpo» aritu dela salatu du. Erakunde horretako presidente Martin Zelaiak argi utzi du Auzitegi Gorenaren sententziak ontzat jo dituela Sustrai Erakuntza Fundazioaren argudioak. «Azken epaiak agerian utzi du Nafarroako Gobernuak 2010. urtean onartutakoa plan bat ere ez zela; asmo hutsak baino ez zituela jasotzen orduko testuak, inolako plangintzarik gabe». Zelaiak erantsi du plangintzarik eza «egiturazko arazo bat» dela Nafarroako Gobernuan.

Egoera horren adibide, gobernuak 2010. urtetik egindako bidea aipatu ditu Zelaiak. Urte hartan onartutako planak errauste planta eraikitzea jasotzen zuen. «Planta hori egiteko zen aurrekontuaren %90», gogoratu du Zelaiak. Non eraikiko zuten ez zuen zehaztu planak, eta horregatik, bertzeak bertze, atzera bota zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, 2013an, Sustrai Erakuntza Fundazioak eta Sakanako Mankomunitateak aurkeztutako helegiteen harira, hain zuzen ere.

Gobernuak berak errauste planta eraikitzeko aukera bazter utzi zuen aurretik, 2012. urtean. Eta 2010. urteko planak zehaztutako bidetik at, zaborra Olatzagutiko Cementos Portland lantegian erretzeko aukera jarri zuen mahai gainean. Udalez gaindiko sektore plan baten bidez ireki zuen gobernuak hori egiteko aukera.

Zuzenketak eta zirriborroa

Nafarroako epaileek hondakinak kudeatzeko plana bertan behera utzi eta gero, erabaki horren kontrako helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak. Gainera, plana moldatzeari ekin zion. Iazko urriaren 28an epea zabaldu zuen testu berri horri zuzenketak aurkezteko, azaroaren 21a bitarte. «Zuzenketak zeri egin behar zitzaizkion ezin dugu jakin, ordea, gobernuak ez baitzuen testurik jarri zuzenketa horiek jasotzeko martxan jarritako webgunean», salatu du Santosek. Erreferentzia bakarra 2010. urteko plana zen.

Prozesu horren emaitza badu gobernuak: 2010. urteko plana berrikusiko lukeen zirriborroa. Auzitegi Gorenak ere 2010eko testua bertan behera utzi eta gero, zirriborro horrek ere ez duela deusetarako balio berretsi du Sustrai Erakuntzak. «Legeak zehazten dituen urratsak beteko dituen plana egin behar du orain gobernuak, hutsetik hasita», nabarmendu du Zelaiak.

Zirriborro horren bidez, zaborra Olatzagutiko lantegian erretzeko aukerari bidea eman nahiko lioke gobernuak, 3Mugak Batera plataformak salatu duenez. Sakanako Mankomunitateko arduradun Aitor Karasatorrek ere bat egin du iritzi horrekin, eta argi utzi du susmoa duela Olatzagutiko lantegia gobernuak eraiki nahi zuen errauste plantaren «ordezko» bilakatuko dela.

Sustrai Erakuntza Fundazioko Martin Zelaiak erantsi du zirriborro horretan gobernuak ez duela zaborra gaika biltzeko aukerari eta moduei buruz gogoetarik egin. «Ez du ematen eragindako hondakinen kopurua murrizteko benetako asmorik dagoenik».

Eduardo Santos abokatuak argi utzi du Olatzagutiko aukera mahai gainean dagoela, baina erantsi du egitasmo hori «geldirik» dagoela. «Egia da gobernuak eta enpresak hitzarmena sinatu zutela, baina osatutako jarraipen batzordeak ez du bilerarik egin. Dena dago airean. Inolako plangintzarik ez baitago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.