GHK-k 'swap'-ak ordaintzen segitu beharko duela ebatzi du auzitegiak

Zubietako errauste planta egiteak kostu bikoitza lukeela nabarmendu dute GHK-ko ordezkariek
GHK-ko ordezkari Ainhoa Intxaurrandieta eta Antton Lete, 2013an, Donostiako auzitegian auzi eskea jartzen.
GHK-ko ordezkari Ainhoa Intxaurrandieta eta Antton Lete, 2013an, Donostiako auzitegian auzi eskea jartzen. JON URBE / ARP

Hodei Iruretagoiena -

2015eko urtarrilak 15
Bankuei eman die arrazoia epaileak. Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa enpresa publikoak jo zuen auzitara, aurreko legealdian Zubietako errauste planta finantzatzeko sinatutako swap produktuak «gehiegikeria» zirela argudiatuta, baina Donostiako auzitegiak ez du aintzat hartu GHKren eskaria. Ondorioz, erabiltzen ari ez den maileguagatik ordaintzen jarraitu beharko dute.

Ez da edonolako dirutza: denera, 68 milioi euro zeuden jokoan. Hilean 300.000 eurorekin hasi ziren, eta 670.000 euro dira orain hilero. Dena den, epaiaren lehen balorazioa egitean GHK-ko lehendakariorde Ainhoa Intxaurrandietak (Bildu) nabarmendu duenez, errauste planta egitea baino merkeagoa da ez egitea, swap-ak ordainduta ere. 500 milioi euroko aurrekontua zuen EAJk eta PSE-EEk bultzatutako Zubietako egitasmoak, eta 250 milioikoa oraingo agintariek hondakinen kudeaketarako eraiki asmo dituzten azpiegiturek —swap-en kostua barne—. Epaiak, beraz, aurreikusi gabeko gasturik ez duela ekarriko ziurtatu du GHK-ko lehendakariordeak: «Errauste planta eraikita ere, berdin ordaindu behar lirateke kuotak».

GHKren Hernaniko bulegoetan egin zuen presazko agerraldia Intxaurrandietak, atzo, epaiaren berri izan eta ordu gutxira. Haren hitzetan, ebazpenak agerian utzi du aurreko legealdian kudeatzaile aritu zirenen «zuhurtzia falta eta arduragabekeria». Bankuen aurkako auzian irabazi ez arren, «benetako hondamendi ekonomikoa» errauste planta egitea litzatekeela azaldu zuen; besteak beste, udalerriek gaur egun hondakinen kudeaketarako ordaintzen duten tarifa «bikoiztu edo hirukoiztea» ekarriko lukeelako horrek. «Bankuak aberastea baino ez dute lortu, gipuzkoarroi bizkar emanda».

94 orrialdeko ebazpena da Donostiako auzitegiak emandakoa. Atzo ondo aztertu gabe zuten oraindik, eta gaurko iragarri dute balorazio sakonagoa: agerraldia egingo dute Intxaurrandietak berak eta Gipuzkoako Ingurumen diputatu Iñaki Errazkinek. Oraindik aztertzeko dituzte epaiaren aurkako helegitea jartzeko aukerak.

«Ingurumenarekiko ardura»

Bankuekin hasitako lehia galdu arren, sakoneko erabakia defendatu zuen Intxaurrandietak: errauste planta geratzea. Legez, proiektua moldatzea ezinezkoa zela azaldu zuen. GHK-ko presidente ohi Karlos Ormazabalek, San Marko Mankomunitateko presidente Denis Itxasok eta zenbait teknikarik ere onartu zutela Batzar Nagusietan «gaindimentsionatua» zegoela proiektua. Eta, beraz, atzera botatzea zela «ingurumenarekin arduraz jokatzea eta birziklatzeari ateak irekitzea». Eta ekonomia ikuspegitik ere, «aukerarik onena».

GHK-k 2013ko maiatzean eraman zituen auzitara Caixa eta Banesto bankuak eta Price Waterhouse aholkularitza enpresa. Kontratatutako maileguen arrisku estaldurarako produktuak dira swap-ak, eta hori berez egindako gastura egokitzeko eskatu zuten GHK-ko ordezkariek. Alegia, ez hartzeko irizpidetzat egin asmo zuten gastua: erabiltzen ari ez diren dirua.

Epaiketan GHK-ko abokatuek esan zutenez, aurreko arduradunek bazituzten errauste plantaren egitasmoaren «gehiegizko dimentsioaz» ohartarazten zuten txostenak kontratuak egin zituztenerako. Antton Lete GHK-ko zuzendari nagusiak, gainera, arrazoitu zuen aurreko arduradunek bazutela errauste plantaren aurkako protesten berri, eta proiektua aurrera ez ateratzeko arriskua kontratuan jaso behar zutela. Aurreko kudeatzaileek, berriz, egindako lana defendatu zuten.

Auzitegian ez ezik, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere egin du bidea swap-en auziak, Zubietako errauste plantaren inguruko ikerketa batzordean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna