Itzulian parte hartuko dute Euskaltelek, Caja Ruralek eta Kern Pharmak

enaut agirrebengoa
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Aurtengo Itzulian aritzeko gonbidapena jaso dute Pro Team Mailan diharduten Euskal Herriko hiru taldeek: Euskaltelek, Caja Ruralek eta Kern Pharmak. World Tourrekoa Kern Pharma lehiatuko den aurreneko lasterketa izango da. Espainiako Vueltatik kanpo gelditu da, baina, behintzat, etxeko lasterketa nagusian parte hartu ahal izango du. Euskaltelentzat, berriz, lehen Itzulia izango da proiektua berpiztu zenetik —iaz itzuli behar zen, baina bertan behera gelditu zen lasterketa—. Hamargarrena izango du Caja Ruralek.

Probaren antolatzaileek Burgos BH eta Total Direct Energie taldeak ere gonbidatu dituzte. Haiei World Tourreko hemeretzi taldeak batu behar zaizkie. Hortaz, guztira 24 talde izango dira apirilaren 5etik 10era jokatuko den lasterketan. Nor gonbidatu erabakitzea «oso zaila» izan dela azaldu du Julian Eraso OCETA Euskal Txirrindularitza Antolakuntzako zuzendariak: «Dagoen lehiak eta agertu diren talde berriek asko zaildu dute hautaketa. Pro Team taldeek geroz eta maila hobea dute, eta babestu egin behar ditugu, Itzuliaren moduko lasterketetara gonbidatuz. Ziur gaude talde guztiek borroka eta ikuskizuna eskainiko dutela».

Pandemiak eragindako osasun egoerara egokitutako Itzulia izango da aurtengoa. Zaleei probaren inguruetan ez biltzeko eskatu diete antolatzaileek, «tristea eta ezohikoa» izango den arren. Iazko ibilbideari ezin izan diote eutsi, baina, halere, lasterketa gogorra eta menditsua izango da: 22 mendate igoko dituzte guztira. Bilbon hasiko da, 13, 9 kilometroko erlojupeko batekin, eta Arrateko santutegian bukatu, etaparik gogor eta erabakigarrienean.Tartean, tropela gora eta behera ariko da Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako errepideetan. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, berriz, ez da sartuko. Ion Izagirre (Astana) orain dela bi urteko garaipena berritzen saiatuko da, baina, horretarako, Primoz Roglic (Jumbo Visma) eta Tadej Pogacar (UAE) gainditu beharko ditu, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.