KRITIKA. Dantza

Hil arte dantzatu nahi

Agus Perez.
2018ko irailaren 14a
00:00
Entzun

'Artha' eta 'We Are Nowhere Else But Here'

Konpainiak: EliralE eta Korzo productions. Koreografoak: Pantxika Telleria eta Stephen Shropshire. EliralEko dantzariak: Oihan Indart, Chloe Sindera, Arantxa Lannes, Jorge Calderon Arias, Maeva Coelo. Korzoko dantzariak: Aimee Lagrange, Jussi Nousiainen. Lekuak: Miarritzeko Colisee antzokia eta Kasinoko aretoa. Eguna: Irailak 11.

Dantza Maitaldiaren aurtengo edizioa arreta nabarmena egiten ari zaie Euskal Herriko sorkuntzei, eta haien artean kokatuko dugu EliralE konpainiaren Artha-ren estreinaldia. Pantxika Telleriaren azken lan honek artatu aditza hartu du izenburutzat eta, esku-programak dioenez, «...uhinen itsasgoran eta itsasbeheran babesten da koreografoa», eta zertxobait aurrerago, «...dantzariek ihes egiteko eskubidea jorratzen dute. Amarrez lotu, ihes egin, aditz horiek mugimenduaren abiapuntuak dira».

Itsasoaren koloreko maillotak jantzita agertu dira bost dantzariak, oinutsik eta zangoak agerian, ilunantz urdin baten pean, eta Paxkal Irigoienen musikan piano notak nagusitu dira hasierako bibrazio gorraren gainetik. Abstrakziora jo du nagusiki soinu-banda zatikatuak, eta ildo beretik joan dira dantzarien eboluzioak, subliminalki gogoratuz ur-korronteek bultzatutako izakien mugimenduak. Hasierako irudi solteen segida figura kolektiboen eraikuntza bilakatu da gero, eta une jakin batean solo labur bana arriskatu dute hiru dantzarik, erabateko isiltasunean. Bost dantzariek eginez gero, hura izan zitekeen amaiera egokia, baina agortuta zegoen kontuak aurrera jarraitu du, gorputz-metaketa nahasiak eraikiz eta amaiera konbentzional baten bila.

Jarraian etorri den We Are Nowhere Else But Here lanak (Hementxe gaude eta ez beste inon) Herbehereetako Korzo ekoizpen-zentroaren kalitate bikaina ekarri du berarekin, eta emanaldia hasi bezain laster jakin dugu Stephen Shropshire estatubatuarraren lan hau izango zela aurtengo harribitxietako bat.

Urruneko solasaldi nahasiak entzuten ziren bitartean altxatu dira zoru zurian itxaroten zeuden emakumea eta gizona, eta piano-musika hastearekin bat ekin diote elkarrekin dantzatzeari. Praka, elastiko eta dantzarako galtzerdi beltzak jantzi dituzte biek, estudio batean baleude bezala, eta hasiera batean teknika-erakustaldi bikaina oparitu digute, eskuetatik beti helduta eta gorputzen arabesko bikainetan murgilduta.

Anartean, pianistaren musikak orain Chopin orain Schubert, orain lehen Beethoven orain balizko Bach bat gogoratu digu, eta dantzariek nolabaiteko dorpeziak tartekatu dituzte, ikusleengan zalantza-puntu bat eta guzti sorraraziz. Piano-kontzertuak aurrera joan ahala garrantzia hartu dute porrot egindako ahalegin fisiko arriskatuek eta agerikoagoa egin da bi dantzarien arteko harreman emozionala. Amaiera aldera, kolpez itxi du gizonak atzeko atea, emakumea solo poetiko batean zebilela: orduan, musika urrunago entzun da eta laster etorri dira hormatik bestaldeko balizko entzuleen txaloak. Hil arte dantzatuko lukete biek, eta ustezko kontzertu horrek aitzakia bikaina eman die dantza-egarria asetzeko. Benetako ikusleok, aldiz, isiltasun sakratuan elikatu gara beren eboluzioekin, eta zeremonia amaitutakoan lau aldiz aterarazi ditugu gure esker ona jaso zezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.