Futbola. Errusiako Munduko Kopa

Lopetegi kargugabetu du Espainiako Federazioak, lehia hasi bezperan

Fernando Hierro selekzioko kirol zuzendariak hartuko du Espainiako hautatzaile postua
Fernando Hierro, Espainiako selekzioko hautatzaile berria.
Fernando Hierro, Espainiako selekzioko hautatzaile berria. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko ekainak 14
Espainiako selekzioa Munduko Kopa irabazteko faborito nagusietako bat da, baina lehiaketari ekin bezperan ez da giro taldean. Luis Rubiales Espainiako Federazioko presidenteak Julen Lopetegi hautatzailea kargutik kendu zuen atzo, Espainiak Munduko Kopako lehen partida jokatu baino hiru egun lehenago. Real Madrilek herenegun jakinarazi zuen Lopetegi izango dela hurrengo entrenatzailea, eta, Rubialesen ustez, negoziazio hori federazioaren bizkar egin da. Fernando Hierro jokalari ohiak ordezkatuko du Munduko Kopak iraun bitartean. Orain arte Espainiako selekzioko kirol zuzendaria zen.

Julen Lopetegik herenegun jakinarazi zuen Munduko Kopa bukatzean selekzioa utziko zuela, eta albisteak ezustean harrapatu zuen Espainiako Federazioko presidentea. Rubiales berak atzo emaniko prentsaurrekoan argitu zuenez, berria ezagutarazi baino «bost minutu lehenago» jakin zuen. Presidenteak Espainiako selekzioaren egonaldira bidaiatu zuen atzo, eta bertan kanporatu zuen Lopetegi. «Bi aldeek negoziatzea ulertzekoa da, baina talde batek eta federazioko langile batek ezin dute horrelakorik negoziatu federazioaren bizkar». Hori da asteasuarra kaleratzeko arrazoi nagusia. Gogoratu beharra dago, dena den, Rubiales kargura iritsi berria dela, eta Lopetegi aurreko presidentearen apustua izan zela.

Espainiako selekzioak, beraz, espero gabeko su bat itzali behar izan du Munduko Koparen aurretik. Gainera, Espainiako hedabideetan atzo zabaldu zenez, federazioko presidentea selekzioko jokalariekin bildu zen erabakiaren berri eman aurretik, eta horiek saiatu ziren agintariak erabakia alda zezan. Sergio Ramos Espainiako selekzioko kapitaina sare sozialen bitartez mintzatu zen, eta «erantzukizuna» eta «konpromisoa» goratu zituen.

Lopetegik urte eta erdi egin du karguan. 2016ko abuztuan hartu zuen kargua, eta hogei partidatan zuzendu du Espainiako selekzioa: hamalau irabazi ditu, eta sei berdindu. Bi milioi euroko kalte-ordaina jasoko du kaleratua izateagatik, eta Real Madrilek ez du etete klausularik ordaindu beharko. Atzo «oso triste» zegoela adierazi zuen, eta baliteke Real Madrilek gaur bertan aurkeztea. Lopetegiren ordezkoari dagokionez, Hierro Espainiako selekzioko jokalari historikoa izan arren, eskarmentu oso txikia du entrenatzaile postuan. Oviedo zuzendu zuen sasoi batez, Espainiako Bigarren Mailan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna