Eibar 0-1 Atletico Madril

Gonbidaturik zitalena

Eibarrek bosgarren urtez jarraian galdu du Atletico Madrilen aurka Ipuruan. Ondo landua zuen puntua, baina bukaeran egin dio ihes

JON URBE / @FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Lemarrek (85. min.). Epailea. Alberola Rojas. Txartel horiak: Eibarreko Jose Angel, Jordan eta Enrichi; eta Atletico Madrileko Moratari. Bestelakoak. 4.750 ikusle Ipuruan.

Ezinaren eta etsipenaren galdera: ba al da modurik datorren denboraldiko Ligan Atletico Madrilek Ipuruan ez jokatzeko? Ezin baitu Eibarrek etxean menderatu. Ez da gai puntu xume bat urratzeko ere. Etxekoak Lehen Mailara igo zirenetik, bosgarren aldiz azaldu zen atzo Espainiako taldea Eibarko zelaian, eta bosgarren garaipena eskuratu zuen.

Azken unean sarturiko golak eman zion garaipena atzo, aurreko lau aldietan ez bezala. Emaitza ona izan zitekeen puntuaren argia bizi-bizirik edukitzea lortu zuen Eibarrek, eta ematen zuenean... Atleticok birrindu egin zuen etxekoen ahalegin, lan, neke eta izerdi guztien ondorio beharko zukeen puntuaren poza. Lemar izan zen atzo borrero, aurrekoetan Griezmann, Gameiro eta beste batzuk izan ziren moduan. Bost minutu falta zirela jo zuen kolpea.

Goleko jokaldiak ondo adierazten du nolako taldea den kanpokoa: lauzpabost aldiz egin behar izan zuten lehia bi taldeetako jokalariek buruz nor nagusi izango, eta denetan, Atleticokoak irabazle. Baloiak lurra ukitu zuenean, eskuin hegaletik sartu ziren kanpotarrak, eta Lemarrek ateko zuloan sartu besterik ez zuen egin behar izan. Gola 85. minutuan izanik ere, partida amaitu bitartean beste bederatzi minutu izan zituen Eibarrek berdinketa lortzen saiatzeko. Ia ez zuen aukerarik sortu ere egin, Atletico Madrilek emaitza alde duela ez duelako ezertxo ere oparitzen.

Horretara jokatu zuen Simeoneren taldeak, etxeko jokalariei metro bat ez ematera, eta beti gainean izan zituzten kanpotarrak. Azkar jokatzera behartu zituen horrek, eta nahi baino gehiagotan galdu zuten baloia. Kanpotarren planaren hurrengo pausoa eibartarren atzelarien bizkarra harrapatzea zen, eta lehen zatiko aurreneko 25 minutuetan ederki egin zuten hori ere. Correaren aurrean dotore aritu zen Dmitrovic zortzigarren minutuan, eta Moratari dotore kendu zion baloia Sergiok hamaseigarrenean, ate aurrean zenean aurrelaria. Zelai erdian nahieran zebilen Thomas, eta, Ghanakoa lotzeko, Enrich edo Cardona beherago jaistera behartu zuen horrek defentsako lanean. Hortik aurrera hasi zen Eibar hobeto jokatzen, baina ezin aukera garbirik sortu.

Bigarren zatian, Dmitrovicen maila bikainak heldu zion emaitzari; batez ere, Godinen burukada urrundu zuenean 79. minutuan. Eibar, berriz, tarteka ari zen aukeratxoak sortzen, ohiko jokoa egin ezinda. Puntua ona zen, baina hori ere kendu zion borreroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.