Mahlerren 1. sinfonia interpretatuko du EGOk udako kontzertu sortan

Lau kontzertu emango ditu hilaren 16tik 20ra, Juan Jose Ocon zuzendariaren gidaritzapean

Iaz bezala, Eibarren egingo du topaketa EGOk. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Donostia
2016ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) bere historiako proiektu handi eta konplexuenetako bat aurkeztuko du uztailaren 16tik 20ra emango dituen lau kontzertuetan. Gustav Mahlerren 1. sinfonia, Titan izenekoa, interpretatuko du Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Hondarribian (Gipuzkoa), eta, Juan Jose Ocon orkestrako zuzendariaren iritziz, «panorama sinfonikoan zailtasun eta edertasun handiena duen programetako bat da». EGOren 19. denboraldia izango da aurtengoa.

Orkestrak datozen asteetan izango duen egitarauaren aurkezpena egin zuten atzo Donostian, eta ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde eta EGO fundazioko lehendakariorde Joxean Muñozek eta BBK, Kutxa eta Vital Kutxa entitateetako ordezkariek lankidetza hitzarmena sinatu zuten.

Musikari gazteen artean EGOk betetzen duen funtzioa nabarmendu zuen Muñozek. Haren esanetan, orkestrak «profesionaltasunaren atarian jartzen ditu gazteak. Musikaren merkatua geroz eta globalagoa eta lehiakorragoa da, eta erreminta pedagogikoak eskaintzen ditu EGOkgazteak lehiakorragoak izan daitezen, beste hautagai batzuek dituzten aukera berberak izan ditzaten». Talde sinfonikoetan sartzea zaila dela adierazi zuen Kultura sailburuordeak, eta hori bera nabarmendu zuen Juan Jose Ocon orkestrako zuzendariak: «Oso garrantzitsua da gazteei orkestran jotzen erakustea; izan ere, solista izateko aukera gutxi sortzen dira».

Musikariei «kalitatezko prestakuntza» eskaintzea da orkestraren eginkizuna, baina BBK, Kutxa eta Vital Kutxak egiten duten ekarpena ere azpimarratu du Muñozek. EGOk 19 urteko ibilbidea egin du, eta «hasieratik babestu dute kutxek; ez da gauza puntuala». Ibilbide horretan, orkestrak 150 kontzertu baino gehiago eman ditu, dozena erdi herrialde bisitatu ditu, eta 120.000 entzule erakarri dituzte urte hauetan orkestran egon diren 1.200 ikasleek.

Gazteak profesionaltasunera bideratzeko asmo horretan, fundazioak «egitarau konplexu» baten aldeko apustua egiten du, gazteek errepertorio profesional eta klasikoa izan dezaten. Oconen hitzetan, «obra handiak» egin izan dituzte, baina in crescendo joan nahi dute, eta, helburu horrekin, Mahlerren 1. sinfonia interpretatuko du orkestrak aurten. «Obra bereziki konplexua da, baina gazteak oso motibatuta eta prestatuta daude».

Ohi bezala, eskarmentu handiko irakasleak izango dituzte EGOko musikari gazteek datozen egunetan Eibarko Hezkuntza Esparruan egingo duten topaketan:Catalin Bucataru eta Anna Siwek aukeratu dituzte biolin irakasle izateko. Biola irakaslea Paul Cortese da, eta Gabriel Mesado biolontxeloen kargu dago. Kontrabaxuan Gabriel Leon ibiliko da, eta perkusioan, Javier Alonso; haize instrumentuen irakasleak Herve Michaud eta Oscar Abella dira, bata zurezkoena eta bestea metalezkoena. Bartzelonako goi mailako Liceu kontserbatoriotik, Musikenetik eta Nafarroako, Euskadiko eta Bilboko Orkestra Sinfonikoetatik datoz irakasle horiek.

KONTZERTUAK

Uztailak 16: Bilboko Euskaldunan, 20:00etan.

Uztailak 18: Donostiako Viktoria Eugenian, 20:00etan.

Uztailak 19: Gasteizko Principal antzokian, 20:00etan.

Uztailak 20: Hondarribiko Itxas Etxea auditoriumean, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.