PROPOSAMENAK

Gatzaren erreinua

Añanako udalerria bi herrik osatzen dute, baina Gesaltza Añana da ezagunena, gatzaren ekoizpenari lotuta egon baita urteetan

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS, ESKUBIDE GUZTIAK.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Nahi ala nahi ez, gatzaren ustiapenarekin lotu ohi da orokorrean Añana (Araba). Jardunbide hori izan da nagusi urteetan eremu horretan, eta oraindik ere bada. Arabako mendebaldean eta Añanako kuadrillaren barnean dagoen udalerri bat da, eta bi herrik osatzen dute: Atiega eta Gesaltza Añana. Lehena batez ere nekazaritzari eta abeltzaintzari lotutako herria da, eta bigarrena da gatzaren ekoizpenarekin lotura zuzena duena. Bertan daude Euskal Herrian zein nazioartean aski ezagunak diren gatzagak.

Bertako historia eta gatzaren ustiapenaren nondik norakoak ezagutzeko asmoz, bisita gidatuak egiten dituzte; are, produktua dastatzeko aukera ere badago. Jatorriari dagokionez, 200 milioi urte baino gehiago egin behar da atzera, lur horiek itsasoak estaltzen zituen garaietara; hori da eremu horietan gatza pilatuta egotearen arrazoietako bat. Ekoizpenari dagokionez, berriz, orain 7.000 urte inguru hasi ziren, eta, egun, lurruntze naturalaren teknikarekin lortzen dute gatza. Horretarako, bi dira beharrezko elementuak: eguzkia eta haizea. Hori dela eta, maiatzetik irailera bitartera arte lortzen dute gatza bertan, baldintza egokienak garai horretan daudelako.

Herriari dagokionez, gatzagen gainean dago. Hirigune historikoa monumentu multzo gisa izendatuta dago, nahiz eta urteen poderioz aldaketak bizi izan dituen. Bada antzinako harresiaren arrasto batzuk ikusteko aukera ere. Hain zuzen, orain 900 urte baino gehiago eraiki zuten, baina ezkutuan egon da hamarkadetan. Hala ere, azken urteetako lan arkeologikoari esker, Erdi Aroko harresiaren 250 metro inguru bistaratu dituzte uda honetan, eta baita beste eraikin batzuk ere. Beraz, bertaratzen denak badu zer ikusi.

Kuadrillan barrena

Ez da eremu handia Añana, eta, beraz, bisitariak udalerri horretatik atera eta kuadrillako parte diren beste eremu batzuk bisitatzeko aprobetxatu dezake momentua. Orotara, hamar herrik osatzen dute kuadrilla, eta batik bat nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza dira bertako jarduera nagusiak. Baina turismo pixka bat egiteko ere badaude aukerak.

Hainbat dira bertako udalerrietan eta mendietan zehar oinez edo bizikletaz egin daitezkeen ibilbideak; era horretan, bertako historia eta ondarea ezagutzeko aukera ere badago, hala nola Lastrako kastroena. Horrez gainera, Valderejoko parke naturala ere eremu horretan dago, eta baita Sobrongo abentura eremua ere, hainbat kirolez gozatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.