Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena

«Akordiorako guneak» aurkitu dituzte EH Bilduk eta Ahal Dugu-k

Adostasunik handienak gizarte politiketan eta ekonomian dituzte.Naziogintzan eta bakegintzan «desberdinak» dira ikuspegiak.Uriartek dioenez, ez dute hitz egin proposamen jakinen inguruan

Roberto Uriarte —lehen planoan— eta Hasier Arraiz, atzo Bilbon EH Bilduk eta Ahal Dugu-k egindako bileran. LUIS TEJIDO / EFE.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Bilera egin dute EH Bildu eta Podemos Ahal Dugu-ko ordezkaritzek, Bilbon. Bi alderdien arteko lehenengo hartu-emana izan da -duela hiru hilabete aukeratu zuten Arabako, Bizkaiko era Gipuzkoako Ahal Dugu-ko zuzendaritza-, baina bi aldeek nabarmendu dute «akordiorako guneak» topatu dituztela politika sozial eta ekonomikoei dagokienez. Arlo horretan, «elkarrekin aritzeko» aukerak daudela adierazi du EH Bilduko Hasier Arraizek, «instituzioetan ez ezik, beste esparru batzuetan ere», eta pozik agertu da hori dela-eta.

Edozein modutan, bilera «elkar ezagutzeko lehenengo hurbilpen bat» baino ez da izan, etaAhal Dugu-ko idazkari nagusi Roberto Uriartek esan duenez, «mahai gainean ez da proposamen zehatzik egon».

Hasier Arraizek, Pello Urizarrek, Rebeka Uberak eta Oskar Matutek osatu dute EH Bilduren ordezkaritza. Ahal Dugu-ren aldetik, berriz, Roberto Uriarte idazkari nagusia, Miren Gorrotxategi foru politikaren arduraduna, Itxaso Rodan Arabako Ahal Dugu-ko foru taldearen presidentea eta Luis Alejos ekinbide politikoko idazkaria egon dira bileran.

EH Bilduren izenean, Hasier Arraizek adierazi du «elkarlanerako aukerak» zabal daitezkeela «datozen asteetarako, baina baita datozen hilabete eta urteetarako ere».

Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Roberto Uriartek ere nabarmendu du antzekotasunak daudela bi alderdien ikuspegi sozio-ekonomikoen artean, baina, era berean, bakegintzaren eta nazio identitatearen arloetan «desberdintasunak» dituztela adierazi du. «Egoeraz egiten dugun diagnostikoa eta EH Bilduk egiten duena desberdinak dira», esan du. Hala ere, «zubiak eraikitzeko» prest agertu da Ahal Dugu-ko ordezkaria. «Ez dugu elkarrekin aritzeko ezintasunik ikusten», gaineratu du Uriartek.

Arraizek azaldu duenez, akordiorako bere oinarriak aurkeztu dizkio EH Bilduk Ahal Dugu-ri: erabakitzeko eskubidea, krisiaren kontrako gizarte neurriak, gardentasuna eta herritarren parte hartzea. Onartu du nazio identitatearen inguruko aferetan ikuspegiak desberdinak direla, baina gaineratu du euren ustez desberdintasunak ez direla hainbestekoak, erabakitzeko eskubidea «topagune demokratikoa» dela eta horren inguruan batu daitezkeela nazio ikuspegi desberdinak dituzten herritar eta indar politikoak.

Bakegintza

Bakegintzaren inguruan, aldiz, «desberdintasunak» daudela nabarmendu du Uriartek. «Uste dut normalizazioaren esparruan urratsak egiten ari direla, baina oraindik urrats txikiak dira, eta horretan sakondu behar dute».

Uriartek adierazi duenez, EH Bildukoek esan diete Ahal Dugu-ko ordezkariei orain arte «pauso handiak» eman dituztela arlo horretan, baina emandako pauso horiei ez zaiela behar besteko garrantzirik aitortzen. Uriarte ez da iritzi berekoa: «Norabide onean doaz, baina guk uste dugu pauso apalegiak eman dituztela», esan du; «asmo sendoagoak eta pauso zehatzagoak behar dira».

Bakegintzan eta bizikidetzan ez ezik, Euskal Herrian «gizarte inklusiboago bat» lortu eta «dauden identitate eta sentsibilitateak erosoago eta babestuagoan senti daitezen» ere «urratsak» egin behar ditu EH Bilduk Ahal Dugu-ren iritziz: «Bide horretan joanez gero, elkar egingo dugu topo».

Uriarte prest agertu da bakegintzaren arloan «laguntzeko» eta EH Bilduk eman lezakeen edozein pauso aintzat hartzeko, eta gaineratu du esparru horretan EH Bildu eta Ahal Dugu-ren jarrerak hurbilduko balira errazago izango litzatekeela akordioak erdiestea.

Alde horretatik, sufrimendua aitortzera bideratutako edozein pauso «positibotzat» joko luketela esan du Uriartek.

Gai horri dagokionez, Arraizek iragarri du bi alderdiek jarraituko dutela hitz egiten, «bakegintzan eta normalizazio demokratikoan ere akordioak lortzeko aukera badagoelako», eta akordio horiek gauzatuko balira «oso onuragarriak» izango liratekeela Euskal Herriarentzat.

Itun zehatzik ez

Itun zehatzen inguruan ez dute hitz egin EH Bilduren eta Ahal Dugu-ren lehen bilera ofizialean. Araba eta Gasteizko egoerak mintzagai izan dituzte; azken horretaz, Ahal Dugu-ko ordezkariek esan diete EH Bildukoei Hemen Gaude plataformari dagokiola horren inguruko erabakia hartzea. Hala ere, Arraizen esanetan, lehenengo bileraren ostean «atea zabalik» gelditzen da balizko itunak lortzeari begirako elkarrizketa gehiago izateko «batez ere Araban», eta bide horretan bi alderdiek ez diotela euren buruari «inolako mugarik» jartzen.

Uriartek ere ez du baztertu bilera gehiago egiteko aukera, baina argitu du EH Bilduri dagokiola horiek antolatzea: «Guk baino boto gehiago lortu dituzte eta, beraz, erantzukizun hori beraiei dagokie».

Itunekin jarraituta, Roberto Uriartek esan du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-k ez duela Espainiako Podemosek ezarritako inolako «marra gorririk». «Gure funtzionamendua eta dinamikak ez dira alderdi tradizionaletakoak», zehaztu du.

Uriartek azaldu duenez, euren erakundean lurralde bakoitzeko egitura politikoak hartzen ditu lurralde horri dagozkion erabakiak, «baina ikuspegi global batetik, hau da, jakitun izanik hartzen diren erabakiek ondorioak dituztela beste esparru batzuetan ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.