AEBak. Trumpen agintaldia

Erregeak dorreak ere galdu ditu

2016ko hauteskundeen kanpainan Errusiak izandako eraginaren auzian, 32 lagun ikertzen ari da Mueller fiskal berezia. Trumpen konfiantzakoak dira ikertu ugari, Cohen eta Manafort kasurako

Jon O. Urain -

2018ko abuztuak 23
Michael Cohen Donald Trumpen abokatuaren aitortzak eta Paul Manafort 2016ko hauteskunde kanpainaren zuzendaria iruzur fiskalagatik erruduntzat jo izanak ez du zerikusi zuzenik Trumpen kanpainaren eta funtzionario errusiarren arteko loturari buruzko ikerketarekin, baina, ikerketa horretako bi pieza garrantzitsu auzibidean daudenez gero, eragina izan dezake 2016ko kanpainaren xehetasunak argitzeko bidean. Guztira, fiskalak 32 dauzka ikerketapean; Trumpen peoi, zaldun eta dorre izanak, tartean.

ROBERT MUELLER





Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzara iritsi zenetik, karguan izan duen buruhauste nagusia izan da Mueller (New York, AEB, 1944). 2001etik 2013ra, FBI Ikerketa Bulego Federaleko zuzendari izana zen Mueller, eta, iazko maiatzean, Trump presidentetzara heldu eta lau hilabetera, AEBetako Justizia Departamentuak fiskal berezi izendatu zuen, ikertzeko ea Errusiak esku hartu zuen presidentetzarako 2016ko hauteskundeetan. Haren agindupean eginiko ikerketaren ondorioz, auzitara eraman dituzte Trumpen inguruko ugari, baina Muellerrek Trump bera jarri du jomugan, ikerketa oztopatu duelakoan. Bera ere presidentearen jomugan dago, ordea: hura kaleratzen saiatu da behin baino gehiagotan, baina, oraingoz, karguan jarraitzen du Muellerrek.

MICHAEL COHEN





«Trumpen aurkako bala bat hartuko nuke». Esaldia Michael Cohenena da (Lawrence, Long Island, 1966), Trumpen abokatuarena, eta agerian uzten du hark urteetan Trumpi izandako leialtasuna. Izan ere, Trumpen abokatu izana da Cohen, baina baita abokatu hutsa baino gehiago ere. Consigliere hitza darabilte AEBetako hedabide askok, mafiaren hizkera baliatuta. Haren iturgina izan da enpresa munduan eta politikan: negozioetan, Trump Erakundeko presidenteorde zela; politikan, berriz, hauteskunde kanpaina betean bi emakumeren isiltasuna erosiz, ez zezaten kontatu Trumpekin harremanak izan zituztela eta, horrela, ez zezaten haren irudia zikindu. Leialtasun hori, ordea, urtu egin da Cohenen egoera juridikoa okertuz joan den heinean. Zerga eta finantza iruzurra egin izana aitortu du, baina eskandalua bi emakumeei ordaindutako diruak eragin du, hauteskundeak legez kanpo finantzatu izana baita horren ondorioa.

PAUL MANAFORT





Paul John Manaforten (New Britain, Connecticut, 1949) aurkako auzibidea da azken orduetan Trumpen agintaldia kolokan jar dezakeen beste zutabea. Abokatua eta aholkulari politikoa da, eta Trumpen kanpaina zuzendaria izan zen 2016ko ekainetik abuztura bitartean, baina hari egozten zaizkion delituek ez dute zuzeneko loturarik estatuburuarentzat egiten zuen lanarekin. Izan ere, haren finantza jarduera pertsonala da ikertzen ari direna, bereziki Viktor Janukovitx Ukrainako presidente ohiaren alde 2010. eta 2014. urteen artean eginiko lanagatik. Hala ere, zortzi iruzur deliturengatik zigortu dutenez gero, ikusteko dago haren egoera judizialak bere defentsaren estrategia moldatzen duen eta prest azaltzen den hauteskunde kanpainaz eta errusiarrekiko loturez hitz egiteko. Muellerrek inputatuak dituen 32 lagunetatik Manafort da lotura estuenak dituena Trumpen inguruaren eta Errusiaren artean.

Iazko urritik etxeko atxiloaldian zegoen, bere burua FBIren aurrean aurkeztu eta gero. Ikerketaren arabera, ordea, hilabeteotan gutxienez bi lekukoren testigantzetan eragin nahi izan du, eta ekainaren 15az geroztik espetxean dago.

GEORGE PAPADOPOULOS





«Tipo bikaina» da Geroge Papadopoulos (Chicago, Illinois, 1987), Donald Trumpen iritziz. Atzerri politikan aditua da, eta hura da Muellerrek ikerketapean jarritako aholkularietako bat, 2016ko hauteskunde kanpainan lanean jardun zuenez gero. Batetik, egotzi zioten Errusiako Gobernuarekin lotura duen Londresko irakasle batekin —Joseph Mifsudekin— harremanetan jartzea, Hillary Clinton hautagai demokratari kalte egiteko informazioa argitaratze aldera. Ondoren, leporatu zioten ikertzaile federalen lana oztopatzea, errusiarrekiko harremanen inguruan gezurra esanda. 2016ko martxoan Trumpen aldeko kanpainara batu aurretik, Ben Carson errepublikanoaren kanpainan aritu zen beharrean, 2015eko azarotik 2016ko otsailera bitartean.

RICK GATES





Richard William Gates (Fort Lee, Virginia, 1972) Manaforten bazkidea izan da urte luzez aholkularitza politikoan eta negozioen alorrean; besteak beste, harentzat aritu zen lanean Manafort Trumpen kanpainako zuzendari zela. Hain justu, kanpainaren arduran bigarrena izan zen Gates, eta karguan jarraitu zuen Trumpek Manafort kargugabetu ondoren ere.

Bazkidearen patuari lotuta, Gates ere iazko urrian auzipetu zuten, eta AEBen aurka konspirazioan aritzeagatik eta testigantza faltsua emateagatik erruduntzat jo zuen bere burua, Muellerren bulegoarekin akordioa eginda. Akordioaren parte zen Manaforten aurka deklaratzea.

MICHAEL FLYNN





Michael Thomas Flynn (Middletown, Rhode Island, 1958) AEBetako armadako teniente erretiratua da. Segurtasun Nazionalerako aholkulari kargurako izendatu zuen Trumpek 2017ko urtarrilean, baina gobernua eratu eta 22 egunera eman zuen dimisioa, zabaldu eta gero gezurra esan zuela funtzionario errusiarrekin izandako komunikazioez. Trumpen agintaldian kargua uzten aurrenekoa izan zen, eta baita Trumpen administrazioan aritutako lehen auzipetua ere. Iazko abenduan, bere burua erruduntzat jo zuen FBIri gezurra esateaz Errusiako Gobernuarekin izandako kontaktuen inguruan.

DONALD TRUMP JR.





Trumpen familia bera zipriztintzen du 2016ko hauteskunde kanpainari eta kontaktu errusiarrei buruzko ikerketak. Izan ere, ikerketaren arabera, Donald Trump Jr., presidentearen seme nagusia izan zen 2016ko kanpainan zehar Errusiako Gobernuko funtzionarioekin edota herrialde horretako zenbait oligarkarekin kontaktuak izan zituenetako bat. Gutxienez zortzi lagunek izan zituzten harremanak errusiarrekin, eta tartean dago, Trumpen semeaz gain, Jared Kushner suhia. Kontaktuez gain, biek bilerak egin zituzten funtzionario errusiarrekin, Manafortekin batera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna