Vicente Manuel Lima Carquejo. AHTko langile ohia

«Orduko zortzi euro horietan dago jasotzen dugun diru guztia»

BERRIA.
2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Zizurkilen (Gipuzkoa) abiadura handiko trenaren obretan lanean ari zela, lanetik kaleratu zuen kontratatua zuen Regomarte enpresa galiziarrak Vicente M. Lima Carquejo langile portugaldarra. Gipuzkoako lan ituna ez aplikatzeagatik eta «abusuzko lan baldintzak» ezartzeagatik, ELAk salaketa jarri zuen enpresaren aurka EAEko Lan Harremanetarako Kontseiluan, eta arrazoi eman zioten. Langileari ia zazpi mila euro ordaintzera behartu zuten enpresa. Orain, Alemanian ari da lanean, eraikuntzako obra batean. Ondokoa da Euskal Herrian izan zen bitartean zituen lan baldintzei buruz eman duen testigantza.

Zein ziren zure lan baldintzak Zizurkilen AHTaren obretan lanean aritu zinenean?

Zortzi euro irabazten nituen orduko, hamar orduko lanaldian egunero. Ez zidaten oporraldirik ordaintzen, ez aparteko ordurik ere. Orduko ordaintzen dizkiguten zortzi euro horien barruan dago jasotzen dugun diru guztia.

Non bizi zineten?

Zizurkilen bizi ginen, enpresak jarritako etxe batean. Sei edo zazpi lagun egoten ginen gehienetan; baina, astearen eta lan kargaren arabera, lau edo zortzi lagun ere egon izan ginen. Batzuetan, sofan lo egitea ere tokatu izan zaigu.

Dietarako 40 euro inguru ordaindu beharko lizueke enpresak, lan itunaren arabera. Jaso zenuten inoiz dirurik horretarako?

Ez. Janaria guk ordaintzen genuen, eta garraioa ere bai. Arropa ere guk ordaintzen genuen.

Nola egiten zenuten Portugaldik Euskal Herrirako bidaia?

Portugaldik igande arratsaldean irteten ginen, eta goizaldeko laurak aldera iristen ginen, normalean. Zortzietan lanean hasten ginen. Hamabost egunean behin egiten genuen joan-etorriko bidaia hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.