Koronabirusa

Zenbait gako, 'AstraZeneca auziari' neurria hartzeko

EMAk «balizko lotura bat» antzeman du AstraZenecaren txertoaren eta Europan azaleratutako odolbildu kasu ezohikoen artean. Horren ostean, baina, «uste oker asko» zabaldu direla uste du Ana Galarraga adituak.

Ion Orzaiz.
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
AstraZenecaren txertoen eraginkortasuna eta segurtasuna ezbaian jarri dituzte hainbat erakundek, txertaketa prozesua behin eta berriro etenda, edo, Espainiako eta Frantziako gobernuek egin duten bezala, adin tarteak mugatuta. Erabaki horietako askok «oinarri epidemiologikorik ez» dutela uste du Ana Galarragak, Elhuyar taldeko zientzia dibulgatzaileak.

EMA-K (BENETAN) DIOENA

Azken hilabetean azaleratutako odolbildu kasu batzuen ostean, ikerketa abiarazi zuen EMA Sendagaien Europako Agentziak, eta aste honetan argitaratu ditu emaitzak: odolbildu kasuen eta txertoen artean «balizko lotura bat» egon daitekeela ondorioztatu dute ikerlariek, baina «oso ezohikoa» dela azpimarratuta [aztertutako kasuen %0,00065]. «Txertoaren dosi gehiago jarri dituzte aste hauetan, eta odolbildu kasu batzuk gehiago azaleratu dira, baina estatistikoki, oso-oso gutxi dira oraindik, eta ez dute lortu horien atzean egon daitekeen mekanismoa, edo kasuen arteko loturak zehaztea». Hori guztia aintzat hartuta, AstraZenecarekin txertatzen segitzeko gomendioa egin du EMAk, eta horrekin bat egiten du Galarragak ere: «Frogatuko balitz ere odolbilduak txertoaren albo ondorioak direla, horrek ez luke txertoaren debekua ekarriko: kontraindikazioak zehazteko balioko luke soilik».

ARRISKU FAKTOREAK

AstraZeneca auziak eztanda egin aurretik ere, baziren odolbilduak izateko arriskuarekin lotutako beste hainbat sendagai eta tratamendu ere. Terapia hormonalak eta antisorgailuak dira ohikoenak. Horregatik, tratamendu horiek txertoarekin batera hartzen dituztenei jarraipena egiteko galdegin die Espainiako Osasun Ministerioak osasun profesionalei. Hala ere, Elhuyarreko kideak azpimarratu du EMAren ikerketak ez duela lortu antisorgailuen eta txertoaren arteko lotura frogatzea. «Aldez aurretik beste gaixotasunen bat izan dutenak, haurdun daudenak, antisorgailuak hartu dituztenak... Horiek gertutik zaintzea ondo dago, baina ez da lehendik ez genekien ezer». Gainera, beste txerto batzuekin ere halako neurriak hartzen direla esan du: «Pfizerren txertoaren kasuan, adibidez, kontuz ibili beharra dute shock anafilaktikoa izateko arriskua dutenek».

EMAKUMEEI, GEHIAGOTAN

Buruko odolbilduak pairatu dituzten gehienak 50 urtetik beherako emakumeak izan direnez, aipatu izan da albo kalte horrek sexuarekin lotura izan dezakeela. Galarragaren esanetan, baina, goiz da oraindik halako ondorioetara iristeko: «Hemen, lehentasunezko langileei jarri izan diete AstraZenecaren txertoa; batez ere, hezkuntzako eta osasungintzako langileei. Bi sektore horiek oso feminizatuta daude, eta hortaz, logikoa da kasuak hor azaleratzea». Hala ere, sexua arrisku faktore dela frogatuko balitz ere, ez litzateke «harritzekoa» izango: «Frogatuta dago emakumeen eta gizonen immunitate sistemak ez direla berdinak, eta odolbildu kasu hauek lotura izan dezakete immunitate sistemarekin».

BESTE TXERTO BATZUK

Orain arte, Oxford-AstraZenecaren txertoak bakarrik sortu du kalapita, baina badira adenobirusetan oinarritutako teknologia bera erabiltzen duten beste txerto batzuk ere. Hain zuzen, horietako bat ikertzen hasi da EMA: Johnson & Johnson etxearena. Orain arte azaleratutako bost odolbildu kasuk abiarazi dute ikerketa. «Hain kasu gutxi direnez, ikusteke dago euren artean harremanik ote dagoen edo txertoarekin kausa-ondorio loturarik baden», azaldu du Galarragak.

SENDABIDEA BADAGO

Elhuyarreko dibulgatzaileak gogorarazi du, azkenik, txerto batekin tronbosia pairatzeko arriskua «ia ezdeusa» dela: «Askoz arrisku handiagoa dugu odolbilduak pairatzeko COVID-19az kutsatuta, edozein txertorekin baino». Albo kalte horrek, gainera, badu sendabiderik: «Sintomak agertuz gero, nahikoa da medikuei abisua ematea». Zeintzuk dira sintoma horiek? «Arnasa hartzeko zailtasunak, bularreko mina, hantura, zainetako min iraunkorra eta odolbildu txikiak larruazalaren azpian. Horiek nabarituz gero, tratamendua jar daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.