Frankismoko biktimak

Auzitegietako «hormak» eraisteko

Muñecas kapitaina salatu dute Tolosan, eta Gipuzkoako Aldundiak kereila bat jarriko du 1936an hildakoak eta desagertuak ikertzeko. Bideoa, albistearen amaieran.

Jokin Sagarzazu -

2019ko urtarrilak 17

1936ko gerrako eta frankismoko biktimek Espainiako Estatuko epaile baten aurrean deklaratu nahi dute, eta etxetik gertuen duten epaitegian bada, hobe. Lehenengo aldia litzateke hori egiten dutena. Helburu horrekin, diktadurako azken urteetan torturatutako batzuek salaketak jarri zituzten atzo Tolosako epaitegian, Frankismo Garaiko Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak lagunduta. Eta atzo ere Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi zuen 1936ko gerran herrialdean hildako eta desagertutako 1.000 lagunen kasuan kereila bat jarriko duela Donostiako epaitegian.

Biktimek Espainiako Justiziak gertatutakoa argituko duen itxaropenik apenas duten arren, euren istorioak epaileen aurrean kontatzeko beharra nabarmendu dute, jasandako kaltearen aitortza gisa. Izan ere, oraingoz, ez dute horretarako aukerarik izan. Maria Servini epaile argentinarrak soilik entzun die: Espainiako Gobernuak eta auzitegiek jarritako trabak gorabehera, hainbat biktima elkarrizketatu ditu azken urteotan.

Euskal Herrian auzibide bat zabaltzeko xedearekin, Tolosako epaitegian sei lagunek erregistratu dituzte, idatziz, euren testigantzak: 1975-1976 urteetan Tolosako Guardia Zibilaren kuarteleko buru Jesus Muñecas koronelak torturatukoak dira denak. Donostiako epaitegian, berriz, aurki jarriko dituzte beren salaketak 1936an frankistek hil eta desagerrarazitako Florencia Olazagoitia sozialistaren eta Jose Ariztimuño, Aitzol, apaiz abertzalearen senideek. Aldundia herri akusazio gisa aurkeztuko da. Xede bera dute Tolosako eta Donostiako auzibideek.

«Egia judizialaren argitan, inpunitate hormari arrakala berriak irekitzea bilatzen dugu», azaldu du Markel Olano ahaldun nagusiak. «Auzi estrategiko» gisa definitu du bere egitasmoa foru gobernuak: bi kasuok aukeratu ditu 1936ko gerrako beste biktimen «ordezkari sinboliko» gisa. Helburu nagusi bat du: Espainiako auzitegietan eta jurisprudentzian eragitea, orain arte asmo berarekin eginiko salaketek ez baitute aurrera egin.

Olazagoitia eta Aitzolen senideek eta aldundiak halako auzibideetan espezializatutako Kataluniako abokatu talde baten babesa izango dute. Gizateriaren kontrako krimen gisa salatuko dituzte bi kasuok. Horiek nazioarteko estandarren arabera epaitu behar direla uste dute, ezohiko zigor zuzenbidean oinarrituta. Modu horretan ez lukete preskribatuko, frankismoko krimen guztiek bezala, eta ikertu ahalko lirateke.

Ikuspuntu hori jarraituz Espainiako Estatuko epaileek auzibide gutxi batzuk zabaldu dituzte, baina ez dute inoiz aurrera egin. Dena den, Anais Franquesa abokatu katalanak uste du aukerak egon badaudela. Gogoratu duenez, jurisprudentzia badago horretarako: nazioarteko zigor zuzenbidea aintzat hartu dute Espainiako epaile batzuek beste herrialde batzuetako diktaduretako biktimekin; Argentinakoekin, esaterako.

Muñecas adibide

Muñecasena kasu paradigmatiko bat da: ez dute inoiz epaitu torturengatik —hiru urte egin zituen espetxean 1981eko estatu kolpean parte hartzeagatik—. 2013an hura atxilotzeko agindu zuen Servini epaileak, eta estraditatzeko. Espainiak ez zuen ez bata eta ez bestea egin. Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen. Argazki hori baino ez da geratu. Andoni Arrizabalaga Itziarren semearen torturengatik izan zen. Auzitegiak baztertu egin zuen gizateriaren aurkako krimen gisa hartzea, kasu horren eta frankismo garaiko beste batzuen arteko loturak ukatuz. Eta ohiko delitu modura epaitzea ere baztertu zuen, preskribatuta dagoelako. 1977ko Amnistia Legea ere aipatu izan da maiz kasuok artxibatzeko.

Argudio horiexei heldu zien fiskalak. Baina proposamen bat egin zuen: Zarautzen torturatu zutenez gero, Azpeitiko epaitegian jartzea salaketa, senideak «entzunak izateko». Epaileen autoak, baina, agerian utzi zuen hori eginda ere entzun soilik egingo lituzketela: ez ikertu, epaitu edo zigortu.

Euskal Herriko epaitegietan hainbat salaketa jarri dituzte, baina bakar batek ere ez du aurrera egin. 2017ko abenduan ate bat zabaldu zen Bergarakoan; ireki bezain pronto itxi zutena. Elgetako Udalak jarri zuen salaketa aintzat hartu zuen epaile batek, orduan ordezko gisa ari zena. Aste batzuetara, berezko epaileak artxibatu zuen auzia, delituak iraungita zeudela argudiatuta. Salaketan azaltzen zen biktimetako eta haien senideetako inori ez zioten deklarazioa hartu. Durangoko bonbardaketarekin loturiko auzia ere ireki eta artxibatu zuten iaz; helegiteen zain daude.

Aurten, beste zirrikitu bat zabaldu da, Herrialde Katalanetan. Urtarrilaren 8an jakin zen Valentziako instrukzio epaitegi batek frankismo garaiko tortura kasu batengatik diligentziak abiatuko dituela. Euskal Herriko biktimek espero dute Tolosako eta Donostiako epaitegiek bide bera hartzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna