Eibarrek lehen garaipenarekin estreinatu nahi du Ipurua berritua

Espanyol hartuko du, lehen hiru jardunaldietan golik sartu ez duen aurkaria. Cote osatu da, eta, ondo bidean, hasieratik beharko luke

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Eibarrek gaur jokatuko du sasoi honetako etxeko lehen partida. Ipurua berritzeko azken faseko lanek luze jo dute, eta horiek bukatzeko eskaturiko baimenak lehen hiru partidak etxetik kanpo jokatzera behartu dute. Baina ez dago akaberarik gabeko lanik, eta taldea gogotsu itzuliko da Ipuruara. Lehen partidetan ez du maila onik eman, eta Mendilibarrek hain gustuko duen estiloa berreskuratzea espero du zaleen aurrean. Beharko du, Espanyoli ez irabaztea estropezua litzatekeelako.

Aurkariak ere liga hasiera kaskarra izan du, Eibarrena baino okerragoa agian. Armaginek adina puntu ditu, baina ez du golik sartu, eta horri aste honetan Europako lehian hasi behar izanaren presioa gehitu behar zaio.Jose Luis Mendilibarrek, dena den, garrantzia kendu zion horri, eta bere umorea plazaratu zuen herenegun. «Arriskutsu bihurtzen du horrek. Lehen gola sartzetik gero eta gertuago dago».

Hasierako hamaikakoari dagokionez, Esteban Burgos erdiko atzelaria da min hartuta dagoen Eibarreko jokalari bakarra. Gauzak hala, ziurtzat jo daiteke Cote ezker hegalera itzuliko dela. Iragan sasoian taldeko jokalaririk onenetakoa izan zen, eta Eibarrek asko nabaritu du haren hutsunea lehen hiru partidetan. Beste postuei dagokienez, litekeena da Diop eta Exposito aritzea euskarri bikoitzean, zelai erdiko hegalak Pedro Leonentzat eta Orellanarentzat izatea, eta Charlesek eta Enrichek hartzea golaren ardura.

EIBAR-ESPANYOL

Eibar. Dmitrovic; Tejero, Ramis, Oliveira, Cote, Pedro Leon, Diop, Exposito, Orellana, Enrich eta Charles.

Espanyol. Diego Lopez; Javi Lopez, Naldo, Calero, Didac; Melendo,Victor Sanchez, Roca, Vargas; Ferreyra eta Calleri.

Epailea. Pizarro Gomez.

Lekua. Ipurua (7.100 ikusle).

Ordua. 12:00.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.