Martxoaren 11tik 14ra egingo dute dFeria, boterea ardatz duela

Shakespeareren hiru lan erakutsiko dituzte arte eszenikoen Donostiako 25. azokan. Hainbat emanaldi izango dira aurreko asteburuan ere

Erredakzioa
Donostia
2019ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Boterea izango du gai nagusi Donostiako dFeria arte eszenikoen azokak. Kontzeptuaren adiera jakin bati begiratuko dio zehazki: «Nagusitasun hegemonikoa izateko edo aginte gorena islatzeko gaitasunari». Izan ere, ideia hori islatzen dute bertan erakutsiko dituzten hainbat obrak, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Martxoaren 11n hasiko da, eta, 14ra bitarte, askotariko antzezlanak eta dantza emanaldiak izango dira ikusgai. 25 urte beteko ditu azokak, eta, urteurrenaren harira, aurreko astebururako ere programatu dute emanaldirik.

Atariko gisa, martxoaren 9an, Los cuernos de Don Friolera taularatuko du Morfeo konpainiak, Antzoki Zaharrean, eta Sharing Home dantza ikuskizuna Denis Santacanak, Gazteszenan. Hurrengo egunean, Bilboko Arriaga antzokitik Macbeth iritsiko da Viktoria Eugeniara. Ez da azokan erakutsiko duten Shakespeareren obra bakarra izango: azokaren azken egunean, martxoaren 14an, Rey Lear antzezlana eramango du Atalaya konpainiak Viktoria Eugenia antzokira, eta Romeo eta Julieta-ren zirku moldeko bertsio bat Markeliñe konpainiak Antzoki Zaharrera.

Tartean, besteak beste, El enjambre (Vaiven), Espejismo Cabaret (El Espejo Negro), Vientos que nos barrerán (Spectare) eta Dublineses (Ados) obrak emango dituzte. Dantza ikuskizunik ere izango da. Martxoaren 11n, Kukai konpainiak Erritu erakutsiko du, Viktoria Eugenian, eta, hurrengo egunean, antzoki berean, Lava konpainiak Fernando Hernando Magadanen Bending The Walls eta La Intrusaren Beyond piezak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.