Ismael Manterola
BEGIZ

Bada bizitzarik korten altzairuaz harago

2017ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Elgoibarren zabaldu dute Gerra Zibilean desagertutakoen omenezko kolunbarioa. Argazkien bidez bertan jarri duten Duintasuna izeneko eskultura ezagutzeko aukera izan dut. Horrek eraman ninduen neure buruari galdetzera zein lehiaketa mota eta zein epaimahaikidek aukeratu ote zuen Elgoibarren korten altzairuan egindako eskultura publikoa (nola bada.. beste materialik Euskal Herrian...).

Lehiaketaren oinarriak irakurri ondoren jakin dut epaimahaia lau lagunek osatu zutela (nik nahiago izaten ditut bakoitiak diren epaimahaiak): Gogora institutuko zuzendaria, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Guggenheim museoko «komisario» bat eta proiektuaren arkitektoa. Ez artistarik, ezta unibertsitate publikoko irakaslerik ere. Askotan pentsatu izan dut zertarako daukan EAEk unibertsitate publikoa, gero ez badu bere iritzia erabiltzen adituak behar dituenean. Bestalde, askotan kexatu izan gara arte lehiaketetan artistarik ez dutelako gonbidatzen epaimahaikide izatera.

Hala ere, Elgoibarkoa gutxienez lehiaketa publikoaren bidez egin da. Aurreko asteburuan nire herrian lehiaketarik gabe eta inongo irizpiderik gabe elementu eskultoriko bat inauguratzen ikusi dugu. Korten altzairuan hau ere, presaka eta inprobisatuta jarri dute memoria gordetzeko asmoa duen monumentua. Asmoa diot, ez dudalako uste horrelako helburu batek halako bitarteko eskasa merezi duenik. Omenaldia egiteko asmoa bazegoen, kalitate txikiko omenaldia jaso dute 1937an Zumaiatik kanporatutako 250 lagun inguruk.

Dagoeneko jarrita dauden eskulturak ez dira gutxi, eta gehiago jartzeko asmorik balego, zerbait gehiago hausnartu beharko genukeela uste dut. Alde batetik, galdetu beharko genioke geure buruari ea arteak hartu behar duen memoria gordetzeko lana. Erantzuna baiezkoa bada, ea behin-behineko arte adierazpenak izan behar duten edo behin betikoak; hau da, ekintza puntualak edo monumentuak egokiagoak diren. Azken bide hau aukeratzen badugu, ondo pentsatu behar da kokapena, eta elementu eskultorikoak edo beste mota batekoak izan behar ote duten. Hurrengo urratsa lantaldeak osatzea izango litzateke: memorian adituekin, artistekin, arte teknikariekin, hirigintzan adituekin, parte hartu nahiko luketen herritarrekin eta abar. Ikerketa sakona egin ondoren jakingo dugu zer den egin behar duguna: korten altzairuzko totema edo beste zerbait. Eskulturan bada bizitzarik korten altzairutik harago.

Memoria instituzionalizatu behar badugu, egin dezagun ahalik eta partaidetza handienarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.