Zortziko erritmoa du inauteriak

Hiru egunen ondotik, Miel Otxin sutan erreta bukatu dituzte inauteriak Lantzen. Aitzinetik panpinarekin batera kalejira egin dute Zaldikok, txatxoek, Ziripotek eta ferratzaileek.

Hogei aldiz dantzatu zuten zortzikoa Herriko Ostatuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Lantz
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun

Zerua goibel baina umore oneko. Horrela ernatu zen atzo Lantz (Nafarroa). Inauterietako hirugarren eta azken eguna zuten atzokoa, baina besta gogoa eta giroa oraindik ere nabaria zen lanztarren artean. Urtero gisan, bisitari andana gerturatu zen inauteriez gozatzera. Amaiera argia zuen bestak, Miel Otxini bi tiro bota eta sutan erretzea. Miel Otxin plazan erre aitzinetik, ordea, zer ikusi eta zer gozatua bazen Lantzen.

 

Plazarekin batera, herriko ostatua izaten da inauterietako epizentroa Lantzen. Bisitariz beteta zegoen beheko pisua; goian, berriz, lanztarrak gosaltzen ari ziren eguna indarrez hasteko. Gosaldu eta mahai inguruan tertulia egin eta gero altxatu ziren lanztarrak eguneko lehen zortzikoa dantzatzera. Izan ere, doinu edo dantza ezagunen bat bada Lantzen, hori zortzikoa da, inongo zalantzarik gabe. Egunaren joanean lau aldiz dantzatzen dute zortzikoa, eta aldi bakoitza berezia izaten da lanztarrentzat.

Eguneko lehen zortzikoaren zain zeuden Bilboko Pili eta Mariaje Etxeberria ahizpak. Zortzikoa noiz hasiko, han zeuden biak adi-adi begira. Lehen txistu hotsak entzun orduko, begiratu eta txaloka hasi ziren. «Hau da eguneko unerik politena. Urtero etortzen naiz, eta urtero da berezia», esan zuen Pilik, eta Mariajek buruarekin baietz egiten zuen. Hunkituta zeuden biak.

Luze jo zuen eguneko lehenengo dantzak. Hamar minutuz ibili ziren dantzan lanztarrak, denera 20 aldiz dantzatu zuten zortzikoa. Bortz hasi eta 21ek bukatu zuten azkenean. Etenik egin gabe, fandangoa eta arin-arina jo zituzten txistulariek eta dantzan jarraitu zuten alai.

Behean zortzikoa dantzatzen ari ziren bitartean, Ziripoten rola jokatzen duen Ander Esain dagoeneko ganbaran zegoen Ziripot bihurtzeko prestatzen. Zapatak estu lotu eta lastoz betetako zakuak hanketan jartzen zebilen, ondoan lau laguntzaile zituen hankak belar idorrez betetzen. Tartean zen Ibai Muskitz lanztarra. Igandean jokatu zuen Ziripoten rola Muskitzek. Ederki aski daki zer den Ziripot izatea:« Ziripoten barruan egotea nahiko itogarria da, nahiz eta polita ere baden protagonista izatea». Atzo txatxo izatea egokitu zitzaion, eta pozik zegoen horrekin ere.

Esain Ziripot bihurtu bitartean etengabea zen bisitarien joan-etorria ganbaran. Ume zein heldu, denek ikusi nahi zituzten Ziripot eta ganbara erdian zen Miel Otxinen panpina. Txatxoak ere igo ziren ganbarara, joareen hotsa zen nagusi. Ziripot goitik behera jantzi, aurpegia tapatu, txanoa paratu eta zutitzean hustu zuten ganbara, eta lanztarrak bakarrik gelditu ziren ostatuan. Ordurako borobil handia egina zen ostatu inguruan, eta bisitari denak zain zeuden ostatutik nor aterako.

Ferratzaileak izan ziren kalera ateratzen lehenak. Aurpegiak maskarekin tapaturik, kea eta izua zabaldu zituzten karriketan.Gainontzeko protagonistak falta ziren, ordea. Ordu biak puntuan ireki zituzten ostatuko ateak eta orduan atera zen Ziripot. Haren atzetik atera ziren txistulariak, eta lehen txistu doinuen ondotik hasi zen anabasa. Korrika atera ziren txatxoak, parean zuten guztia izutzera. Zaldiko agertu zen atzetik, eta bereak eta bi egin zituen Ziripot lurrera botatzeko. Miel Otxin ere atera zuten herriko ostatutik eta bizkarrean hartuta zortzikoaren doinuak dantzatzen eraman zuten txatxoek batetik bertzera.

Kalejira egin zuten denek batera, eta, herriari itzulia egin ondotik, plazan elkartu ziren. Berriz ere borobila egin eta zortzikoa jotzen hasi ziren txistulariak. Oraingo zortzikoa, ordea, goizekoa baino koloretsuagoa eta jendetsuagoa zen. 50 txatxotik gora ziren dantzan, eta denen erdian, Miel Otxin. Fandangoa eta arin-arina dantzatu zituzten gero, eta, plazako jarduna bukatuta, bizkarretik helduta herriko ostaturako bidea hartu zuten denek. Indarrak berritzeko bazkari ederra zuten zain bertan.

Arratsaldean, goizean egin bezala, mahai inguruan dantzatu zuten zortzikoa. Eguneko hirugarrena zen dagoeneko. Dantzaren ondotik, kalera atera ziren pertsonaia denak, eta kalejira egin zuten berriz. Bukaera ezberdina zuen, ordea, arratsaldeko kalejirak: heriotza. Miel Otxini bi tiro bota eta sutan erre baitzuten eskapu egiten saiatu ondotik. Plazan egindako su handi batekin bukatu ziren inauteriak Lantzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.