'Brexit'-a. Datozen hilabeteak

Konponbide faltari, denbora

Erresuma Batuko diputatuek datorren astean erabakiko dute irteera atzeratzeaz: apirilaren 12ra arte edo maiatzaren 22ra arte. Itunari ezezkoa emanez gero eman beharreko pausoez bozkatuko dute

Konponbide faltari, denbora.
ander perez zala
2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Bi atzerapen, bakarraren ordez. Apirilaren 12a da martxoaren 29 berria, irteera data berria. Hilabete eta bi asteko epea irabazi dute, beraz, Erresuma Batuak eta Europako Batasunak (EB); Komunen Ganberako diputatuek denbora gehiago eskatu zioten Theresa May lehen ministroari, eta hark berdin egin zuen Europar Kontseiluarekin. Agintari britainiarrak hiru bat hilabetekoa nahi zuen, ekainaren 30era artekoa: «Ez nago harago joateko prest». Goi bilerak uste baino askoz ere gehiago iraun zuen, eta 27 estatuburu eta gobernuburuek bi atzerapen proposatu zizkioten Mayri, hainbat data, epe, baldintza eta testuinguru aztertu ostean: Komunen Ganberak datorren astean onartzen badu Bruselak eta Londresek adostu duten brexit-erako akordioa, Erresuma Batuak maiatzaren 22an utziko du talde komunitarioa; bi hilabeteko tarte horren helburua zera litzateke, beharrezko aldaketa legalak onartzea Komunen Ganberan. Akordioak hirugarren ezezkoa jasoko balu, apirilaren 12a litzateke epemuga; beraz, Londresek beranduenez egun horretan jakinarazi beharko lioke Bruselari atzerapena are gehiago luzatu nahi duela —eta Europako bozetan parte hartuko duela—. May ados dago egutegi horrekin; arazoak, baina, konpondu gabe jarraitzen du: «Gure Aita Santuaren arabera, infernua oraindik hutsik dago», erantzun zuen Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak atzoko goizeko ordu txikietan, kazetariek brexit-a planik gabe sustatu zuten politikariez galdetu ziotenean.

Badirudi, beraz, datorren astea erabakigarria izango dela brexit-aren prozesuan. Prozesuak halako hainbat aste izan ditu bi urteotan; batak gaina hartu dio besteari, Komunen Ganberako bozketak «historikotzat» jo dira, baina, finean, iazko azaroaz geroztik —irteerarako ituna itxi zutenetik— ezer gutxi egin dute aurrera Erresuma Batuan. Datorren asteko bozketak, baina, bidea erraztuko du apirilaren 12ra edo maiatzaren 22ra joateko.



DATORREN ASTEKO BOZKETA

Mayk asmoa du brexit-aren akordioa datorren astearen hasieran bozkarazteko, astelehenaren eta asteazkenaren artean. Atzo arte ez zenez ezagutzen irteera dataren atzerapena, irteeraren aldeko zein kontrako diputatuek jada badute datorren testuinguruaren argazkia, baina ez dirudi Mayk eskaturikoa baino atzerapen laburragoa izateak haien planak aldatu dituenik. Hala iradoki zuen Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionistak (DUP), lehen ministroaren gobernua sostengatzen duen indar politikoak; haien aldeko botorik gabe, Mayk ezin du arrakastarik lortu akordioarekin.

Beste arazoa zera da, izango ote duen aukerarik akordioa bozkarazteko, John Bercow Komunen Ganberako presidenteak ohartarazi baitzion ezin duela «akordio bera» hirugarrenez aurkeztu. Beraz, gaur-gaurkoz, apirilaren 12rako bidea hartzear da Erresuma Batua. Horrek zer esan nahi du? David Lidington lehen ministrordeak adierazi duenez, «bozketa adierazgarriak» dira hurrengo pausoa; hau da, hurrengo pausoak zeintzuk izango diren zehaztea. Eta litekeena da —prozesuan lehenengoz— Komunen Ganberak adieraztea zer nahi duen, eta ez zer ez duen nahi. Hori guztia datorren astean, Lidingtonen arabera.

Bozketa horien artean, martxoaren 29ko irteera data Mayk Bruselan adosturiko proposamenekin ordezkatzearen alde bozkatu beharko dute diputatuek. Aldaketa hori beharrezkoa da, gaur-gaurkoz datorren ostirala baita brexit-aren eguna.

MAYREN ETORKIZUNA

Mayk «amaieraraino iristeko» asmoa agertu du hainbatetan. Amaiera hori noiz izango den, ordea, ez daki inork; ez Tuskek, ezta Europako Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerrek ere. Atzoko prentsaurrekoan, apirilaz haragoko atzerapen posible batez galdetu zietenean, bi agintariek elkarri begiratu zioten, irribarre txiki bat egin zion batak besteari, eta bietako inork ez zuen erantzun.

Dena den, asteon hainbat aldaketa sumatu dira Erresuma Batuko lehen ministroaren jarreran. Ekainaren 30etik haragoko atzerapen baten inguruan, adierazi zuen ez zegoela «harago joateko prest»; horrek, bada, dimisioaren zurrumurrua jarri zuen mahai gainean. Mayk iaz esan zuen 2022an utziko zuela kargua, eta ez zela aurkeztuko urte horretako maiatzean egitekoak diren hauteskunde orokorretara.

Horrez gain, lehen ministroak mehatxu bati aurre egin beharko dio datorren astean: diputatuek agendaren kontrola hartuko ote duten. Hainbat alderditako hemezortzi ordezkarik astelehenean zuzenketa bat aurkezteko asmoa dute; diputatuek baiezkoa emango baliote, diputatuek asteazkeneko agendaren kontrola izango lukete. Horren asmoa litzateke eztabaida eta bozketak egitea datozen pausoei buruz; gobernuaren «bozketa adierazgarrien» antzekoa litzateke, baina kasu horretan diputatuek nahi duten terminologia eta proposamenak egingo lituzkete, eta ez leudeke Mayren gobernuaren menpe.

Aukera horien artean dago, beraz, lehen ministroaren aurkako konfiantza mozioa. Hainbesteko garrantzia duen aldaketa politiko batek justifikatuko luke, besteak beste, irteera data are gehiago atzeratzea. Tusk argi mintzatu zen atzo arratsaldean eman zuen prentsaurrekoan: «Brexit-aren patua gure lagun britainiarren eskuetan dago. Dena da posible apirilaren 12ra arte».

DUP ALDERDIA DA GAKOA

Begirada guztiak, beraz, DUPen jarrita daude. Ipar Irlandako alderdi unionistaren hamar diputatuek akordioaren alde bozkatuko balute, litekeena da ordezkari tory batzuek ere hala egitea, eta Mayk beharrezko babesa lortzea.

Helburu horri begira, gobernuak areagotu egin ditu negoziazioak, eta hainbat eskaintza egin dizkio alderdi unionistari; Ipar Irlandatik ateratzen diren hegaldiei ezartzen zaien zerga kentzea, esaterako. Mahai gainean dago, halaber, diru gehiago bideratzea Ipar Irlandara, 2017. urteko gobernu akordioa sinatzean egin zuten bezala.

Gaurtik aurrerako hizketaldiek berebiziko garrantzia izango dute, baina lehen ministroak ez du lan erraza izango. Izan ere, Nigel Dodds DUPen buruzagiordeak gogor kritikatu zuen atzo May, Bruselan adosturikoaren harira: «Lehen ministroak aukera bat galdu zuen Europar Kontseiluan [...] Ez da ezer aldatu akordioari dagokionez». Hitz horiek agerian utzi zituzten Mayren zailtasunak, are gehiago kontuan harturik asteazken gauean egindako diskurtsoak Komunen Ganberako diputatuak haserrarazi zituela. Haiei bota zien errua brexit-aren atzerapenagatik, autokritikarik egin gabe.

Zulora nola erori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.