Koronabirusa

Heldu guztiek har dezakete txertoa Ipar Euskal Herrian

Jada 18 urtetik gorako herritar guztiek eska dezakete ordua txertoa jartzeko. Pfizerren 80.000 dosi iritsi dira Hego Euskal Herrira

COVID-19aren kontrako txertaketa gunea, Donostian. JON URBE / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz - Oihana Teyseyre Koskarat
2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Bihurgunez eta oztopoz betea da COVID-19aren kontrako txertaketan egin beharreko bidea; hala eta guztiz ere, osasun sistemak ari dira aurrerapausoak ematen, eta, gorabeherak izanik ere, Euskal Herrian nabarmen ari da handitzen zizta hartua dutenen kopurua. Are gehiago, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, heldu guztiei zabaldu diete gaitzaren kontrako txertaketa. Atzotik, 18 urtetik gorako herritar orok eska dezake txertatzeko ordua Iparraldean, baldintzarik gabe.

Zehazki, Ipar Euskal Herriko biztanleek Doctolib, Maiia edo Keldoc plataformak erabili behar dituzte txertaketa guneetan izena emateko.

Kanpaina emeki hasi zen Ipar Euskal Herrian, iragan urtarrilean. Geroztik, lehentasuna izan dute adin tarte batetik gorakoek, osasun langileek eta heldu zaurgarriek. Asteek aurrera egin ahala, abiada handitu egin da, eta, izatez, aurreikusi baino bi aste lehenago ailegatu zaie txanda 18 urtetik gorakoei. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak apiril bukaeran iragarri zuen ekainaren 15ean zabalduko zitzaiela txertaketa kanpaina heldu guziei. Maiatzaren 20an, ordea, data horren aitzinatzea jakinarazi zuen Jean Castex Frantziako lehen ministroak, Frantziak txerto gehiago jaso ondoan.

Hegoaldean, atzerago

Hain justu, dosien hornidurak biziki baldintzatu du txertaketa prozesuaren erritmoa, hari ekin zitzaionetik. Hego Euskal Herriko osasun sistemak Espainiako Osasun Ministerioaren menpeko dira dosiak jasotzeko, eta, hain zuzen ere, beste dosi sorta bana jaso zuten atzo: Osakidetzak Pfizer etxearen 63.180 txerto dosi jaso ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan baliatzeko; Osasunbideak, 18.720 inguru. Halaber, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko arduradunek jakinarazi dute Moderna konpainiaren beste 4.300 dosi ere jaso dituztela astelehenean herrialdean.

Atzoko jasotako dosiak aintzat harturik, Hego Euskal Herrian COVID-19aren kontrako txertoaren 1.846.485 dosi jaso dira guztira orain arte, eta 1.683.744 jarri. Azken datuen arabera, Hegoaldeko herritarren %41ek txertoaren dosi bat hartu dute gutxienez, eta %20k pauta osatua dute.

Osasun agintariek maiz adierazi dute dosiak «jaso ahala» jartzen dituztela. Irizpide horri dagokionez, Osasunbideak orain arte jasotakoen %98,6jarri ditu Nafarroan. Osakidetzak, berriz, jasotakoen %97,6 erabili ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Halaber, Eusko Jaurlaritzak beste datu bat atera du argitara: orain arte, birusaren kontrako txertoa hartzea eskaini dieten %1,4 gelditu dira dosia jarri gabe, izan kontraindikazio medikoa dutelako edo beren borondatez txertoa hartzeari uko egin diotelako.

Gainera, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 60 urtetik behera izan eta lehen dosian AstraZenecaren txertoa hartu dutenen %86k bigarren aldian ere AstraZenecarenaren hartzearen alde egin dute, Pfizerrena baztertuta. Bien artean aukeratzeko eskubidea izan duten biztanleen %14k baizik ez dute bat egin Espainiako Bioetika Batzordearen eta Espainiako Osasun Ministerioaren proposamenarekin.

Adinari dagokionez, Nafarroa atzo hasi zen 40 eta 49 urte arteko herritarrei txertatzeko ordua galdegiteko aukera ematen, eta ekainaren 7an hasiko dira horiek txertatzen. Osakidetzakoraindik ez dio talde horri ekin, baina argitu du 50-59 urte artekoen %60k dosi bat hartua dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.