Sekretu ofizialek argia eman dezatela eskatzeko agiria

Webgunean dokumentazioa eta B-Egiaz plataformari buruzko informazio osatua dago. BERRIA.
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
«Manifestu hau sinatzen dugunok eskatzen diegu erakunde publikoei GAL ikertu eta argi dezatela». Mezu nagusi hori jasotzen du B-Egiaz plataformak aurkeztutako manifestuak. «Ez da posible sekretu ofizialen legearen izenean giza eskubideen aurkako krimenak babestea», gehitzen du.

Uste dute badaudela nahiko zantzu ikertzeko, besteak beste, CIAk desklasifikatutako dokumentuak. Bertan azaltzen da Felipe Gonzalez orduko Espainiako gobernuburuak erabaki zuela mertzenario talde bat sortzea, «legetik kanpo aurre egiteko terroristei»; eta entzuketak. CESIDeko goi kargudun batzuk entzuten dira, estatu krimen jakinak zehatz-mehatz azaltzen. «Ebidentzia horiek pentsatzera garamatzate estatuak esku hartze antolatua izan zuela GALen sorreran, babesean eta finantzaketan», dio manifestuak.

Uste dute estatuak gutxi egin duela ikertzeko, eta, egin duen kasuetan, «talde inkontrolatu ez-atxikiak» izan direla ebatzi dute, edo zigortuak indultatuak izan dira. «Are gehiago, uste dugu zenbait sektorek oztopatu egin dutela ikerketa, nazioarteko giza eskubideen itunak ez betez».

Artxiboek egiaren eta justiziaren alde egon behar dutela gaineratzen dute. Eta uste dute badaudela zantzuak estatu terrorismoa baimendu zela pentsatzeko, «eta, kontzeptualki, ez da bereizten beste talde terrorista antolatu batzuetatik».

«Eskubide urraketa hauek guztiek gure memoria demokratikoa baldintzatzen dute. Berriz idatzi behar da, eta lan nekeza geratzen zaigu», manifestuaren arabera. «Espainiako erakundeek giza eskubideen nazioarteko estandarrak beteko dituzte biktima guztiak aitortu eta erreparatzen dituztenean, salbuespenik gabe. Eta egia da biktima guztien irrika, zeina ez den sekula preskribatzen», dio amaieran testuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.